
Iruñeko Udalak eta Karrikiri elkarteak euskarazko sorkuntza literarioaren inguruko hainbat hitzordu programatu dituzte datozen egunetarako. Gaurtik (hilak 24) hasita eta maiatzaren 14ra arte luzatuko da aurkezpen eta hitzaldi zikloa.
Gaur izango da lehen zita non Irakurketaren aldeko manifestua lana aurkeztuko den, 19:30ean. Irene Vallejok idatzi du liburua eta Fernando Reyk itzuli du. Itzultzaileak parte hartuko du ekitaldian Uxue Razquin aurkezlearekin batera.
Datorren astean, hilak 29, Egile berriendako literatur lehiaketan sarituriko lanen bilduma aurkeztuko da, eta saria eskuratu duten egileek parte hartuko dute.
Maiatzaren 13an antolatu da hirugarren saioa. Bertan Pamiela argitaletxeak kaleraturiko bi poema-liburu aurkeztuko dira: Iker Aranberri Sarasuaren Apurkinak eta Oihane Zuberoa Garmendiaren Baden Verboten. Liburuak aurkezteaz gain, bi egileak gaur egungo poesiaren egoeraz mintzatuko dira.
Azkenik, maiatzaren 14an (asteartea), 19:00etan, Miren Agur Meabek bere azken lana aurkeztuko du: Amorante frantsesa (Susa). Argitaletxeak hau esan du lan horretaz: Egunero etxerakoan bizkar gainera igotzen zaizkion itzalez inguratuta bizi da, basoan, kontakizun honetako protagonista, Agurtzane. 60 urte beteak, atezaina da ikastetxe batean eta bi egiteko nagusi ditu: osasun mental arazoak dituen ahizpaz arduratu eta berriz loratzeko sentitzen duen irrika asetu. Irati Beraza ikaslearen gorpua Artxandan agertu izanak, ordea, detektibe amateur bilakatuko du. Lagunak, txakur adoptatu bat, urtegia, iraganeko absentziak eta maitale berri bat gurutzatuko dira bere bizimoduan. Ezustekoz betetako bakardadea, basoko argi eta soinuekin nahastean.
Miren Agur Meabek testua sortzeko prozesuaz, gai nagusiez eta literatur estiloez hausnartuko du bertan.