Tabakalerak Gabriel Chaile artista argentinarraren So eginez aldatu ginen erakusketa inauguratu du, eta datorren urteko otsailaren 2ra arte egongo da ikusgai.
So eginez aldatu ginen (Contemplando es como fuimos cambiando) erakusketak Chaileren sorkuntzarik berrienak ikusteko aukera luzatuko du. Chaile artista “aintzatetsia eta ezaguna da jatorrizko herrien kulturei erreferentzia egiten dieten material xumeak baliatuz eskultura monumentalak sortzeagatik, identitatearen inguruko gogoeta sustatu eta memoria deskolonizatzeko deia egiten duten lanak”.
Gabriel Chaile Buenos Aires eta Lisboa artean bizi eta lan egiten duen artista da. Arte Ederrak ikasi zituen Tucumango Unibertsitate Nazionalean (Argentina) eta beka eta aintzatespen ugari jaso ditu, eta erakusketa garrantzitsuetan erakutsi ditu bere lanak. Hala, Veneziako Bienalean (2022) parte hartu zuen adobezko eskultura handien sailarekin, eta bestelako erakusketak izan ditu Buenos Airesko Arte Modernoko Museoan (MAMBA), Londresko Studio Voltairen eta New Yorkeko High Linen, besteak beste.
Chailek bere burua irudien komunikatzailetzat eta antropologo bisualtzat du. Bere artearekin “erresistentzia kulturala esploratzen du adobearen gisako materialen bidez eta elementu hori lengoaia bisual batean uztartzen du, botereaz, historiaz eta identitate kulturalaz ditugun aurrez ezarritako nozioei buruz galderak egiteko”.
Erakusketan artistaren hamar bat pieza, eskultura, instalazio eta marrazki bildu dira, “elkarrekin hitz egiten dutenak, antzinakoa garaikidearekin eta tokikoa globalarekin lotzen duen narratiba ehunduz”.
Erakusketaren osagarri gisa jardueren programa bat ondu da, eta bisita solasaldi etas familientzako arte-lantegien bidez, publikoak Chaileren lanetara hurbiltzeko tartea izango du.