ESZENA

“Euskal musikaren benetako istorioa”, benetakoa?

Erabateko estreinaldia izango den Ez Dok Hiruk eginiko Euskal musikaren benetako istorioa obra, gaur goizean aurkeztu dute Arriaga Antzokian. Bertan Jokin Oregi zuzendaria, Patxo Telleria egilea eta antzezlea, Mikel Martinez antzezlea, Antxiñe Mendizabal Elkar Argitaletxeko ordezkaria, eta Adrian Garcia de Los Ojos musikaria bildu dira lan horren gaineko xehetasunak emateko. Antzezpenaren erabateko estreinaldia Arriagan izango da martxoaren 7an eta 8an.

Ez Dok Hiruk “Euskal Herriko musikaren altxorrari, gure baitan dugun ondare emozional horri omenaldi txiki bat egin nahi dio modu ikonoklasta batean” esan du Patxo Telleriak. Proposamen teatral berria, Euskal musikaren benetako istorioa da, eta bertako helburuetariko bat musikaren kontura ondo pasatzea da, musikari errepasoa eginez, beti ere, modu zoroan, ironia eta umorean oinarriturik.

Aurreko lanetan egin izan duten gisan, publiko helduari zuzenduko zaio antzezlan dibertigarria eta umorezkoa, eta euskaraz, nola ez! Patxo Telleriak sortu ditu testuak eta Mikel Martinezek, eta Telleriak berak, kasu honetan doktore jakintsu moduan pertsonifikaturik, 200 kantaren zatiak erabiliko dituzte, antzerki jostagarria eskaintzeko, estilo ero, deskonzertante eta irrigarriaren bidez.

Eurekin batera, hiru musikari-aktore arituko dira taula gainean, kantetako letrak oinarri izaki, musikak ere girotuko baitu eszenografia osoa, izan ere, kanta ezagun askoren presentzia oso nabaria izango da. Zuzeneko musikaren indarraz Adrian Garcia de Los Ojos, Maria Arriaga Telleria eta Ivan Allue arduratuko dira.

Euskal kantutegiaren gaineko teorizazio berri interesgarri eta barregarriak ikusi nahi badituzue, datorren astean, martxoaren 7an eta 8an, Arriaga Antzokian estreinatuko dute Euskal musikaren benetako istorioa

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button