ESZENA

Pier Paolo Pasoliniren obran oinarrituriko “Orgia” opera, Arriaga Antzokian

Arriaga Antzokiak Hector Parraren Orgia opera berriaren estreinaldia koproduzitu eta antolatu du, eta bertan oholtzaratuko da ekainaren 22an eta 24an.

Arriaga Antzokiak berak Gran Teatre del Liceu eta Castell Peralada Jaialdiarekin batera ekoitzitako Orgia Pier Paolo Pasolini artista italiarrak 60ko hamarkadaren bigarren erdian sinatu zuen izen bereko obran oinarrituta dago.
Calixto Bieito Arriaga Antzokiko eszena-zuzendari prestigiotsuak egin du operaren libretoa, funtsezko premisa batekin: “Pasoliniren jatorrizko obraren bihotza jasotzea”.
Hector Parrak hiru ahots bakarlarirentzat eta ensemble instrumental batentzat sortu du opera hau. Obraren zuzendaritza musikalaz Europako orkestra-zuzendari handienetakoa den Pierre Bleuse arduratu da, eta haren gidaritzapean izango da Parisko Ensemble Intercontemporain musika orkestra.

Bakarlariei dagokienez, Ausrine Stundyte soprano lituaniar boteretsua Bilbora itzuliko da. Berarekin, Leigh Melrose baritono ingelesa ere izango da. Eta azkenik, hirugarren ahots bat gehituko zaie, Jone Martínez sopranoarena.

Orgia piezan,” Pasolinik ispiluaren aurrean jartzen gaitu, gure munstroen aurrean. Bere garaiko profeta bat da ia, argi eta garbi aurreratzen baitu nora goazen ez jakite hori. Bere drama pertsonala salatzeko, Orgia obrako gizonezko pertsonaia urkatu egingo da emakume-arropak jantzi ondoren. Izan ere, bere bizitzako azken uneetan homosexuala dela onartuko du, eta bere buruaz beste egitea ekintza salatzailea da. Aukera bat da gizartea salatzeko, intolerantea, hipokrita eta ankerra baita finkatutako arauetatik kanpo daudenekin, mespretxatu egiten ditu. Bere buruaz beste eginda, horrelako pertsonak baztertzen dituen arrakala gaindiezinaren lekukotza ematen du. Pasolinik poesia bikainez hornitutako bertsoak erabiltzen ditu Orgian, errealitatea modu hunkigarrian barneratuz, eta ispiluan duen islatik egiten du, gainera, bere logela barrutik. Bertan, leku itxi horretan, non larritasunak eta ausikiak itzal izugarriak proiektatzen baitituzte, arrazoimenaren eta ametsaren munduaren arteko trantsizio zalantzagarri horretan, egintzarik basatienak eta, aldi berean, gogoetarik sakonenak sartzen dira.”

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button