BESTELAKOAK

Galderaz betetako bidaia

Kirmen Uribe idazleak, Mikel Urdangarin, Rafa Rueda eta Bingen Mendizabal eta Mikel Valverde ilustratzaileak Jainko txiki eta jostalaria (Elkar) izenburuko disko-liburua aurkeztu dute gaur, azaroak 27, Bilbon.
Duela hamar urte lantalde berak egindako Zaharregia, txikiegi agian lanaren jarraipena da. Anjel Valdes Elkar argitaletxeko ordezkariak azaldu duenez, “sakoneko proiektu hau, porturik gabeko bidaia da, nabigatze bat; eta, poesia du ardatz”.

Izan ere, idazle ondarrutarraren olerkietatik abiatu da diziplina anitzeko lan hau; alegia, testuen inguruan ardazten den lana da: “Joxean Lizarribarren heriotzak piztu zuen lana, bai eta lagunekin, elkarrekin, egoteko gogoak; ez nuen lagun gehiago galdu nahi”, azaldu du Uribek.
Hala, testuek mingarriak eta sendabide izan daitezkeela esan du, Ann Carson poeta kanadarra aipatuta: “Badira galdutako lagunei zuzendutakoak, baina baita bizipozari edo: gizabanakoak nola egiten dion aurre bizitzari, eta gizartearekin duen harremanari”. Gaiak, hortaz, askotarikoak dira; tartean, euskaltasuna, Euskal Herriak egun bizi duen egoera, maitasuna, sexua eta adiskidetasuna. “Umorea eta ironia ere badira; gure buruaz barre egiten du kanturen batean”, azaldu du Uribek.

Ondarrutarrak musika nabarmendu du, poesia musikatik datorrela azpimarratu du, musikarekin eta pinturarekin lotzen du berak poesia, nobelak ez bezala, ez duelako egiazkotasuna bilatzen: “Poesia libre dago hortik, ez du dena azaltzen, galderak proposatzen ditu, irakurle eta entzuleak interpretatu behar dituenak; gauza ezezagun asko dago”.

Musikari dagokionez, Urdangarinek nabarmendu du askatasun osoz jardun dutela, eta “koadro koloretsua” egiten saiatu direla. Horretan, Xanpe ekoizleak zerikusi handia izan duela azpimarratu du Bingen Mendizabalek, eta pozik agertu da emaitzarekin: “ez ditut nire diskoak entzuten; hau, ordea, bai, gauza arraroa”. “Kantu jantziagoak dira”, gaineratu du Rafa Ruedak.

Azken horrek eta Valverdek lanaren berezkotasuna aipatu dute, naturaltasunez sortu izana, alegia. “Badakigu zer den bakarka aritzea, eta lantaldean aritzeak subidoia dakar; beste edozein lantaldetan aritzea baino errazagoa izan da”, esan du musikariak. Valverdek, halaber, bere etxeko bakardadean, taldearen babesa sentitu duela baieztatu du: “taldekide sentitu naiz, eta hori gutxitan gertatu zait”.

Objektua bera ere izan du hizpide ilustratzaileak: “bizi dugun sasoi digitalean, baloratu behar da objektua”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button