MUSIKA

Musika zaharren festa, Dr. Maha’s Miracle Tonic eta Ghost Number & His Tipsy Gypsies taldeen eskutik

Maiatzaren 20an, askotariko soinu zaharrak entzungo dira Bilboko Kafa Antzokian: swing, jazz, calypso, country… Izan ere, Bilboko Dr. Maha’s Miracle Tonic  eta Donostiako Ghost Number & His Tipsy Gypsies bandek haien lan berriak aurkeztuko dituzte, 21:30etik aurrera. Bi emanaldien ostean, DJ Iker Docto Harlem arituko da disko zaharrak ipintzen.

Dr. Maha’s Miracle Tonic swing talde bilbotarrak Bank Robbers izenburuko diskoa plazaratu du Folc Records markapean. Dr. Mahak western swing, rhythm and blues, mambo, jazz eta vaudeville giroko bestelako musikak jorratzen duen banda akustikoa da. Taldea eratu zenetik, makina bat kontzertu egin ditu, 1940ko hamarkadako musika ezberdinak zabaltzeko asmoz.

Bank Robbers taldearen bigarren lana da, aurretik, 2009an, El Dinero izenburuko diskoa argitaratu baitzuten. 2011tik hauexek dira taldekide finkoak: Patxi Lopez Monasterio (bateria), Daniel Gonzalez (kontrabaxua), David Sanchez (gitarra eta ahotsa), Nerea Alberdi (biolina) eta Sergio Llanos (banjo eta gitarra). 2011n, hain zuzen, hainbat sari jaso zituzten, tartean, Bilbo Hiria Pop Lehiaketako bigarren sari nagusia eta Euskal Herriko talde onenarena.

Taldearen musikari kutun batzuk hauek dira: Willie Dixon, Little Richard, Chuck Berry, Duke Ellington, Spade Cooley, Django Reinhardt, Modern Mountaineers, Bob Wills…  Diskoari dagokionez, askotariko grabazioa da, beti ere sustraidun estiloetan errotua: The Wind, country kutsuko balada; The Champs-en Tequila-tik edaten duen Cucarachas, She Stole my Bike but I Love Her popzalea… Lan entzungarria da, eta aberatsa bere aniztasunean.

Donostiako Ghost Number & His Tipsy Gypsies bandak From Dawn to Dust izenburuko lana aurkeztuko du oraintsu.  Ghost Number & His Tipsy Gypsies iraganera begiratzen duen taldea da, makina bat estilo eta soinu berreskuratzeko asmoz: country goibela, erritmo afrokubatarrak, calypso beroa, Europako jazza, swing dantzagarria, eta abar.

Diskoa, hain zuzen, estilo horien zertzeladekin jositako lan koloretsua da. Red Ribbon Music bulegoaren arabera, “oihaneko sakontasuna, country koipetsua, 1920eko hamarkadako swing zaharrena, Haitiko calypsoa eta Tom Waits esperimentalenarenukituak uztartzen dira, melodia itsaskorrak eta dotoreak lortzeko”.

Diskoa David Pisabarro 413 talde-buruak idatzi, grabatu eta ekoitzi du, eta Pisabarrok eta Mikel Eceizak masterizatu dute Mecca estudioetan.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button