MUSIKA

Musika garaikidearen kontzertu ziklo oparoa, Musikagileak elkartearen eskutik

Hil honen amaieran eta datozen hilabeteetan zehar, musika garaikide zaleek izango dute zer ikusi eta gozatu, Musikagileak elkarteak ondutako programaren eskutik.

Hala, hil honen 27an, programazioak Bilboko Campos Antzokian emango die hasiera kontzertuei. Bertan, Bilbao Orkestra Sinfonikoa Jordi Frances zuzendariaren aginduetara arituko da eta errepertorio zabala prestatu du Orkestrak, horien artean erabateko estreinaldian zenbait pieza ere, esaterako, Sofia Martinez konposatzailearen Mañana eta Utopia konposizioak.

Urriaren 3an jarraituko du zikloak Donostiako Musikene entzulekuan Ensemble Court-Circuit taldearekin, “erabateko askatasuneko espiritu batez arriskuak hartzea sustatzen duen proiektu artistiko bat”, euren esanetan. Musika garaikidearekiko konpromiso sendoa da taldearen oinarria, eta nortasun erritmiko zorrotza da bere ezaugarri nagusia. Jean  Deroyer  zuzendariaren aginduetara, errepertorio bizia dakar taldeak: Ramon Lazkanoren Errobi 2, Helga Ariasen Konturen 1, Bertrand Dubedout  konposatzailearen Franctions Du Silence eta Cinquième Livre, edota Gabriel Erkorekaren Ametsak 1 & 2, azken pieza honen estreinaldiarekin.

Hurrengo kontzertuak honakoak dira: urriaren 9an, B3: Brouwer Trio (Donostiako Musikenen); urriaren 10ean, Roberto Casado & Francesca Di Nicola (San Telmo Museoan); urriaren 15ean, Norio Sato & Maya Kimura (Donostiako Kutxa Kultur Klubean); urriaren 23an, Mario Prisuelos (Bilboko Juan Crisostomo de Arriagako entzulekuan); Trio Salzedoren bi emankizun (Gasteizen urriaren 26an eta Donostian urriaren 28an); urriaren 26an, Leioa Kantika Koralaren emanaldia (Donostiako San Telmo Museoan); Xare Laborategiaren kontzertua, azaroaren 21ean (Donostiako San Telmo Museoan), eta zikloari amaiera emateko, abenduaren 10ean, Iñaki Alberdi & Stefan Hussong taldearen emanaldia (Donostiako Udaletxeko Areto Nagusian). Hitzordu guztiak, arratsaldeko 20:00etan izango dira.

Bestalde, kontzertu zikloaz gain, SGAE Fundazioaren eskutik  musika garaikidearen konposaketarako ikastaroa antolatu du elkarteak. Ikastaroa Donostiako Musikene Goi Mailako Eskolan emango da irailaren 24tik 26ra bitartean. Hector Parra irakasle arituko da. Ikastaroaren barruan gaurko musika garaikidearen ezaugarri estetikoen gaineko gogoeta bultzatu nahi da, bai eta estetika eta sonoritate berriak eta perfekzionamendua ere. Musika eta testuaren arteko uztarketaz eta erabileraz ere arituko da Hector Parra irakasle aditua.

Kontzertu zikloaren egunez eguneko programazioa eta informazio osoa musikagile.com web atarian duzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button