MUSIKA

Izarok “Om” diskoaren azken kontzertua emango du Mallabian

Izarok Mallabiako Parkean joko du abuztuaren 15ean, 22:30etik aurrera. Donostiarrak Om aurkezteko abiatutako biraren azken kontzertua izango da.

Izarok Om izeneko bere estreinako lana plazaratu zuen iazko irailean. Mallabiko neska duela hiru urte hasi zen gitarra jotzen eta lehen kontzertuak ematen. Youtubeko plataforman kanta bat igo (Paradise) eta Pikadero izeneko filmerako aukeratu zuten. Harrezkero pausoz pauso baina ere berean abiadura meteorikoan, kontzertuak ematen ibili da lehen diskoak argia ikusi duen arte.

Eta ia dena kasualitate hutsarengatik: “Donostian kontzertu bat ematen ari nintzela, gaurko taldeko bateria hurbildu zitzaidan ea bakarrik ote nengoen, ea zerbait grabaturik ote nuen, eta nik ezetz esan nion. Iker Lauroba aurkeztu zidan gero, eta han hasi zen dena.”

Om diskoaren bidez taldeak duen energia kanalizatu nahi izan duela dio Izarok. “Guztiok baikara energia iturria taldean, eta izen horrek, lehen mantra denak, ondo biltzen du gure ahalegina”. Diskoak Izarok eginiko eta letra ederrak jarritako 13 kanta biltzen ditu, batzuk euskaraz, eta beste batzuk gaztelaniaz eta ingelesez. “Abestiok goxotasuna transmititzen digute, sentikortasuna, karga poetiko ikaragarria, eta entzuleak hunkiarazi dituen ahoskera”. Eta hala da, Izarok duen ahotsa da bere armarik ederrena, berau modulatzeko eta bariazioak egiteko abilezia ikaragarria du. Bere ahotsa entzun dugunean Russian Red taldeko Lourdes Hernandez kantariaren trazak aditu ditugu, edota Daughter taldeko Elena Tonra-ren xamurtasuna. Indie esparruko doinuak direla esan daiteke Om honetan entzuleak adituko dituen kantak.

Izarorekin batera Iker Lauroba, Oriol Flores, Ane Bastida eta Julen Barandiaran daude. Lana Muir Estudioan grabatu zen Yon Vidaur adituaren begiradapean, eta maketazioa Hiru Damatxo etxeak egin zuen.  

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button