IKUS-ENTZUN

Zinebi jaialdian izena emateko epea ekainean amaituko da

Bilboko Udalak antolatutako ZinebI Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren izena emateko epea ekainaren 20ra arte egongo da zabalik, eta deialdia ixteko hilabete pasatxo falta dela, Zinebik 4.000 film baino gehiago jaso ditu. Aurten, azaroaren 21etik 28ra egingo da 67. Edizioa.

Zinebik Sail Ofiziala-Film Laburren Nazioarteko Lehiaketarako, fikziozko, animaziozko eta dokumentaleko filmak onartzen ditu, gehienez ere 30 minutukoak eta 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera ekoitzitakoak.

Jaso diren lanak datozen asteetan hasiko dira batzordeko kideak ikusten. Hori dela eta, antolatzaileek hilabete aurreratu behar izan dute izena emateko epea.

Zinebi Sari Nagusia 7.000 eurotik 8.000 eurora igo da, 17 urtez eguneratu gabe egon ondoren. Euskal ekoizpenari lotutako sariak ere indartu dira Bertoko Begiradak sailean. Bertoko Begiradak atalak EITB Publikoaren Saria eta Gazte Epaimahaiaren Saria hartuko ditu, eta bertan, lehenengo aldiz (H) emen ZinebI Saria emango zaie begirada feministei, (H) emen Elkartearekin lankidetzan.

Zinebi Hollywoodeko Arte eta Zientzia Zinematografikoen Akademiak Oscar sarietarako jaialdi kalifikatzaile gisa akreditatu da. Goya sarietarako eta BAFTA britainiarretarako akreditazioa ere badu. Gainera, European Film Awards (EFA) sarietarako hautagai den film labur bat urtero aukeratzen duten Europako lehiaketen zerrendan dauden Estatuko bi jaialdietako bat da: 67. edizio honetako Nazioarteko Epaimahaiak, Sail Ofizialeko parte-hartzaileen artean, Europako Film Labur Onenaren 2026ko EFA Sarirako hautagai den film bat aukeratuko du.
1974az geroztik, Zinebi Zinema Ekoizleen Elkarteen Nazioarteko Federazioak (FIAPF) film labur eta dokumentaletan espezializatutako jaialdi gisa akreditatu du. Gaur egun, sari esklusibo hori Europako beste lau lehiaketa ezagunekin partekatzen du: Oberhausen (Alemania), Tampere (Finlandia), Krakovia (Polonia) eta Clermont-Ferrand (Frantzia).

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button