IKUS-ENTZUN

“Mendi Film Bizkaia Ternua Beka” bidean da

Bizkaiko Foru Aldundiaren, Ternuaren eta Mendi Film-en eskutik mendiko kulturaren zinematografia sustatzeko Mendi Film Bizkaia Ternua Beka sortu da berriz. Deialdia irailaren 13an itxiko da.

Beka 18 eta 35 urte bitarteko egile berriei, zinemagintza edo ikus-entzunezko ikasketak burutzen ari direnei, zuzenduko da. Bekak 10.000 euroko balioa du, eta aholkularitza programa bat eskura izango du berau jasotzen duenak, lau alorretan indar eginez: gidoia/zuzendaritza, ekoizpena, muntaia eta banaketa/hedapena.

Parte hartzeko lanetan mendiko kulturaren altzoan, mendian egin edo garatu daitezkeen hainbat jarduera bil daitezke, hala nola, kirola, kultura, hizkuntzak, artea, ekonomia,…

Oinarrietan ezarri diren baldintzak betetzen dituzten proiektuak aztertzeko, bost laguneko lan taldea bildu da: Lara Izagirre, zinegilea; Alberto Iñurrategi, mendizalea; Itziar Garcia Zubiri, zine ekoizlea; Aitor Gisasola, zinegilea eta ikus-entzunezko irakaslea, eta Jabier Baraiazarra, Mendi Film Elkarteko zuzendaria.

BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia mendi zinemaldiaren 15. edizioan plazaratuko da sortzen den filma, 2022ko abenduan. Zinemaldiaren aurtengo edizioa abenduaren 3tik 12ra izango da.

Bekaren lehen edizioan saritua izan zen Tamara Lucarini Txango film proiektuan lanean ari da jada. Bilboko mendi tradizionala den Pagasarri inguruan, lau emakume gazteren istorioa kontatzea du helburu.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button