
Antton Goikoetxearen Kareharriak erakusketa jarri du ikusgai Montehermoso Kulturunean, datorren maiatzaren 11ra arte.
“Nire azken proiektuek mundu digitalaren eta fisikoaren arteko intersekzioa aztertzen dute, materialaren eta immaterialaren arteko konexioak ezarriz; horretarako, 3D modeloei mundu errealeko elementuak gehitzen dizkiet. Argiztapena egiteko, tarte dinamiko handiko irudiekin (HDR) lan egiten dut, 360º-an, eta hainbat materialen eskaneatzeak erabiltzen ditut testura-mapak sortzeko. Kareharriak bilduma osatzeko, 3Dko eskaner bat erabiltzen dut eraldatutako kareharriak espazio birtualera eramateko.
Behin hor, software espezializatu batek haien formetara egokitzen diren egiturak modelatzen ditu. Egitura horiek inprimatu eta harkaitzetan mihiztatzen dira; sortutako piezak simulazio birtualak erakusten dituzten bideoekin batera agertzen dira, errealitatea espazio digitalak tarteko direla islatuz, zeinetan aurrerapen teknologikoek mundua ulertzeko eta bizitzeko dugun modua moldatzen baitute”.
Montehermoso kulturuneak eta EHUren Arte Ederren Fakultateak lau proiektu aukeratu dituzte ikasleentzako deialdiaren azken edizioan. Gasteizko Udalak eta Arte Ederren Fakultateak sorkuntzaren alorreko azken joerei zabalkundea emateko sinatu zuten hitzarmenaren barruan kokatzen da deialdia.
Hautatutako proiektuak erakusketa programan txertatuz, Montehermoso kulturuneak profesionalizatzeko bidean dauden sortzaileen lanak ikustarazten laguntzen du, eta lanerako plataforma eskaintzen die haiei mundu profesionalera hurbiltzeko, eta bide batez sortzaileek eta gizarteak lotura zuzena egiten dute elkarren artean.