LITERATURA

Letrak zeruertzean

Goiburu hori izango da azaroaren 11tik 24ra luzatuko den Literaktum jaialdiaren leloa. Bertan “literaturaren eta gatazka sozial, politiko eta gerren eta horien ondorioen arteko harremanak” aztertuko dira.

Hari horri heltzeko David Uclés, Eduardo Halfon, Monika Zgustova, Fermina Cañaveras, Juan Manuel Zaragoza, Javier Zamora, Sergio del Molino, Antonio Monegal eta Adania Shibli etorriko dira Donostiara.

Eta horretaz gain, beste gai batzuen inguruan idatzi dituzten lan berriak aurkeztuko dira, eta jorretarako Unai Elorriaga, Sabina Urraca, Karmele Mitxelena, Máximo Huerta, Beñat Sarasola, Dolores Redondo, Fatma Aydemirre eta Carmen Mola idazleak jaialdian izango dira.

Hain zuzen ere, gaur berton, azaroak 11, 19:00etan, Ernest Lluch kultur etxean, Unai Elorriaga elkarrizketatuko du Iñigo Aranbarrik. Francesco Pasqualeren bosgarren arima da Elorriagaren azken lana. “Zerriak, heriotza goiztiarregiak, gogotik joaten ez diren umetako lagunak, erdiminak, esnea, gurdiak, askotariko gaitzak eta ur-azalean barreiatutako partiturak. Irudi horiek gailendu ziren, besteren artean, Francesco Pasqualeren egunetan.
Saprin jaio zen, Italia hegoaldean, eta Richard Wagner, Robert Schumann eta Giuseppe Verdi konpositoreekin konpartitu zuen bere mundualdiaren parte handi bat. Galdaragile familia bateko semea, orduko giro politikoan nahasi, eta Mediterraneo itsasoaz bestaldera jo zuen, harik eta Bermeora heldu zen arte.
Haren arrastoari segika, XIX. mendeko Europa mendebaldean zabaldutako giza mapa bat eskaintzen du Unai Elorriagaren zazpigarren nobelak.”

Beste hitzordu interesgarri bat Enrique Vila-Matas idazlearen eskutik etorriko da. Luis Martín-Santos idazlearen jaiotzaren mendeurrenean arituko da hark idatzitako Tiempo de silencio nobelaz, San Telmo Museoan ikusgai dagoen erakusketarekin lotutako jardueran. Hitzaldiez gain, Anne Rearicken argazkiek, Markos Gimenoren palindromoei jarritako irudi-kartelak, Mila Garciaren Paperezko arimadun istorioak eta Irabazi Arte! telesailean oinarritutakoak osatzen dute erakusketen eskaintza.

Egunez eguneko saioen gaineko informazioa: Literaktum.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button