
Mikel Rodriguez idazle gaztearen bigarren liburua da Aratz. Izuaren dorrea. Donostiako Udal Liburutegiko Sotoan aurkeztu dute gaur goizean.
2014ko abenduan kaleratutako Aratz. Begiradaren atzetik liburuaren bigarren zatia argitaratu da orain. Mikel Rodriguez lesakarraren lehen eleberria da, bi aletan banatua. Aratz.Izuaren dorrea da bigarren alearen izenburua.
“Bartzelonan bukatu da harrapaketa jokoa. Aitziber eta Aratz, Hertzaintzarengandik ihes egindako bi neska mutanteak, Euzkadiko zerbitzu sekretuen atzaparretan dira berriz ere. Haiekin batera harrapatu dute bertze Aratz, genetikoki hobetutako gizakien eta espioien arteko gatazka sekretuan bere burua sartu zuen mutil arrunta. Ailegatu da ordua: Aratz neskak aurrez-aurre izanen du Eguzkitza CIAko espioi beteranoa, bere mentore ohia. Aratz mutilak, berriz, Espartza hertzain zuhur eta metodikoa izanen du aitzinean. Izen bereko bi gatibuen esperantza bakarra izanen da Aitziber aktibo boteretsua”.
Mikel Rodriguez (Lesaka, 1984) Historian lizentziatua da baina kazetaritza izan du ogibide, Xorroxin irratian lehenik, eta azken urteotan Berria egunkarian. Esan dugun bezala, argitaratutako lehenbiziko lana izan zuen Aratz. Begiradaren atzetik. Honakoa haren jarraipena da.