EZLEKUBAT

Egungo euskal ipuingintzaren historia

Egungo euskal ipuingintzaren historia izeneko lan mardula aurkeztu zen duela aste batzuk. Jon Kortazar Euskal Literatura Saila bildumaren zuzendaria da,  eta Alvaro Rabelli, lan honen kudeatzailea. Azken honekin izan gara mintzatzen lan honen nondik norakoak kontatzeko.

Literaturaren alorreko ikerketa sakona egiten ari zarete. Nondik dator bultzada hau? Nolakoa da proiektu handi eta orokor hori?

Aspaldian egin genuen gogoeta batetik dator. Funtsean, batez ere literaturaren historia osoa egin ez denez, eta seguru asko ez dagonez egiterik, belaunaldi bakoitzari dagokio historia horren gaineko irakurketa berria egitea. Gurea horixe da, euskal literaturaren historiaren gain-begirada proposatzea baina gaur egungo ikuspegitik, geure irakurketatik abiatuta. Horrela, hurrengo belaunaldi batek beste irakurketa bat egingo du, eta emaitza ezberdinak lortuko ditu. Horretan berebiziko garrantzia izan dute bi gauzek: batetik, unibertsitatetik kritikari eta ikertzaile berriak etortzeak (Ibon Egaña, Iratxe Retolaza, Amaia Serrano, Amaia Martin…) eta bat egiteak ofizioan ondo finkatuta zeuden irakasle eta ikertzaileekin (Jon Kortazar, Javi Rojo, Iñaki Aldekoa…), horrela lantalde zabala izan dugu; eta bestetik, gure inguruko literaturetan zer egin duten erreparatzeak. Esaterako, galiziar literaturan lan hau aspaldian zuten eginda, guk eurena hartu dugu eredu geurea egin ahal izateko.

Euskal eleberria, poesia, zinema,…eta orain ipuingintza. Euskal literatura bere osotasunean hartuko duzue? Zein da asmoa?

Bai, literatura osoa hartu dugu. Alde batetik, corpusa daukagu, EHUko Euskara Institutuaren webgunean ikusgai dagoena. Bertan, alde batetik idazlanen corpusa dago, eta bestetik egileena, berrehundik gora bakoitzean. Corpus horien helburua, esan bezala, garai guztietako lan eta egileak aintzat hartzea bai, baina gure gaurko talaiatik berriro irakurtzea izan da. Beste aldetik, monografikoak ditugu, hauek egungo literaturari zuzenduta daude, eta oinarri metodologiko gisa, monografiko bakoitzerako hogei urtetako epean hogei lanen berrirakurketa, dena delako generoaren azalpena eman ondoren, jakina. Hori dela eta, monografiko bakoitzean sarrera luzea egiten dugu eskuartean daukagun generoaren nondik norako nagusiak ahalik eta ondoen azaltzearren, ostean hogei artikuluen sorta egiten da. Dena dela, esan behar da hori bakarrik genero nagusiekin egin dugula (eleberria, poesia, ipuingintza), izan ere, bestelakoekin oinarri metodologiko horri neurri handi batean eutsi izan badiogu ere, guztietan ez dugu hogei artikulu eman, zenbaitetan gutxiago izan baitira.

Osotasun hori lortzearren, esan bezala, genero guztien azterketa egin nahi dugu. Orain artekoak  eleberria, poesia, ipuingintza, haur eta gazte literatura eta zinea eta literatura izan dira.

Zeintzuk dira hau bezalako lan eskerga eta entziklopedikoa egiterakoan izaten dituzuen arazo nagusiak?

Arazo nagusia, bada horixe, gaur egungo ikuspegi modernoaz lan zaharrak berrirakurtzea. Denborak lan batzuk, beren momentuan sona lortu zutenak, zokoratu ditu; eta, berriz, beste lan batzuek irakurketa berri honekin irabazi dute.

Oraingo alean, ipuingintza modernoa aztertu duzue. Zeintzuk izan dira atera dituzuen konklusiorik nabarmenenak?

Lehena, genero aberats baten aurrean gaudela, askotariko gaiak, ikuspegiak eta estetikak lantzen dituena; hau da, gure narratibaren parte esanguratsu eta garrantzitsua dela. Ipuingintzak ekarri ditu euskal narratibaren libururik onenetariko batzuk (Obabakoak, Narrazioak,…). Baina, generoa ez dago behar bezala aztertuta, ohiko usteek badiraute, eleberriaren menpeko lan txikia dela eta ez dela. Bestalde, bere berantiartasunari dagokionez, esan esaten dugu gure literaturara heldutako azken generoa dela, baina horrelaxe izan da literatura guztietan, gurean, jakina, urtetan sistema literario baten faltan, beranduago ibili da. Hala ere, ipuin modernoa ez da ezerezik sortzen, bilakaera bat dago, badago beste ipuingintza bat, ohiturazko estetikari dagokiona, zeinetaz ezer gutxi dakigun. Anjel Lertxundiren Hunik arrats artean lanak ipuin garaikidea ekarri zuela esatea ondo dago, baina, nabardura asko egin behar da. Beharbada, hori izan da liburu honetako beste konklusio bat, ipuingintzaren bilakaera osoa erakustea alegia.

Hainbat autoreren lanak ardatz hartu dituzue ikerketa egiterakoan. Seguruenik beste batzuk kanpoan gelditu dira.

Bai, gure metodologiak ez du ahalbidetzen autore guztien azterketa. Horretaz zera esan dezakegu, guk ez dugu ezein antologia planteatzen, hori beste kontu bat litzateke. Kanona bai aztertzen dugu, hots, kasu honetan ipuingintzak ekarritako liburu nagusiek ezarritako kanona (Atxaga, Sarrionandia, Lertxundi, Zaldua e.a), baina, era berean, kanon horretatik kanpo ere ibili beharra dago, egon badaudelako azaldu beharreko kontuak, askotan generoaren edota egileen kontrakoak, ikuspegi kritikoari eutsiko badiogu. Edozein modutan, hogeita bat lanen azterketa beti da mugatua.

Ipuingintza bigarren mailako literatura delako ustea, (euskal ipuingintzan, bederen) ustel?

Behin generoa aztertuta, bai. Ipuingintza ez da inolaz ere bigarren mailako literatura, guztiz kontrakoa, ez hemen ez inon ere ez. Kontua da oinarrian ere badagoela borroka ideologiko bat, generoen artekoa. Horrela, eleberria genero burges nagusia izango genuke, bere existentzia justifikatuko lukeena, berriz poesia eta ipuingintza genero herritarrak dira, beraz iraultzaileak, underground izpiritura emanak. Noski, sistema literarioak, industria (eta negozioa) den neurrian, eleberriaren alde egin izan du.

Egindako ikerketa-saioak, nolabaiteko ibilbide historikoa marraztu du. Horrek esan ahal digu zer-nolako ipuingintza izango dugun etorkizunean? Zeintzuk izan daitezkeen zertzelada berriak?

Gaitza da erantzutea nolako ipuingintza izango dugun. Dena dela, pentsatu behar dugu bilakaeran segituko duela. Esan dezakeguna da gaurko ipuingintzan nagusi direla egunerokotasunaz diharduten ipuinak, giza harremanez dihardutenak, edota gogoetara bultzatzen zaituztenak, baita ere olerkigintzara hurbiltzen diren narrazio ñimiño eta sentiberak ugari dira . Ipuin laburrak edo oso laburrak nagusi dira, eta beste genero laburren eragina jasotzen dute (biografia, parodia, txisteak, kronika fikzionatuak, epifaniak…)

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button