LITERATURA

Euskal literaturaren hainbat nobedade

Ohikoa denez, hainbat argitaletxe udazkeneko uzta prestatzen ari dira. Elkar argitaletxeak udazken literarioago bilakatzeko asmoz, bereak helarazi dizkigu.

Laster batean, Joan Mari Irigoienek Arma, tiro, bammm! lana aurkeztuko du. Arma trafikoa hartu du gaitzat Irigoienek bere azken eleberri hau egiteko. Betiko legez, hizkuntzaren erabilera zaindu eta ederra egiten du egileak, hainbat istorio sortu eta kateatzeko fabulazio-ahalmena ikaragarriarekin.

Joxean Agirrek Adiskide bat nuen izeneko obra idatzi du. Hainbat gai hartzen ditu egile honek hizpide, eta denak uztartzen ditu (talde politiko klandestinoak ; norbere itxura eta izaera ere hartzen duen doblea; desira eta jelosia; emakume ezezagun baten mirestea…)

Aingeru Epaltzak Erresuma eta Fedea trilogia ixten duen nobela dakar oraingo honetan. Aurrenekoa, Mailuaren odola, batik bat Nafarroa Beherean gertatzen bada, eta bigarrena, Izan bainintzen Nafarroako errege, Parisen, hirugarren honek erresuma galduko hiriburura garamatza, Iruñera.

Garbiñe Ubedak Hobe isilik idatzi du. 1936ko Gerran ibili eta gero, II. Mundu Gerraren amaieran Frantzian desagertutako Miguel Bermejo aitona miliziano anarkistaren arrastoaren bila hasiko da haren biloba Bakartxo. Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatutako Augustin Zubikarai beka-sariaren irabazlea izan zen nobela-proiektu hau.

Iazko Literaturaren Nobel saria irabazi zuen Mo Yan idazle txinatarrak, eta, ohi denez, Arrasateko AED elkarteak eta Elkarrek antolaturiko Jokin Zaitegi bekari esker egin da Hori da umorea, maisu! lanaren itzulpena (Aiora Jaka eta Maialen Marin izan dira itzultzaileak).

Jane Austen egilearen Harrotasuna eta aurrejuzkuak izeneko lana ere euskaraz dugu orain, Ana Isabel Moralesek egindako itzulpenari esker.

Poesia atalaren barruan, Gerardo Markuletak zenbait poeta katalanen antologia bat ere prestatu du. Hala, Jospe Carner, Josep Vicenç Foix, Carles Riba, Salvador Espriu, Gabriel Ferrater, Vicent Andrés Estellés, Joan Vinyoli, Joan Salvat-Papasseit edota Pere Quart idazleen lanak irakurri ahalko ditugu.

Joxean Artze poetak ere Herioaren ataria da bizitza. Bizitzaren atea, heriotza izen luzeko poemario berria ondu du. Urteak argitara eman gabe egon den poeta honen unibertsoa berria.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button