MUSIKA

Eñaut Elorrietak “Fantasia” lan berria aurkeztuko du Donostian

Gaur, otsailak 17, 19:30ean hasita, Eñaut Elorrieta kantariak Fantasia izeneko lan berria aurkeztuko du Donostiako Victoria Eugenia Antzokian. Musika kontzertu horretan Ruben Caballero (gitarrak, koruak), Fernando Neira (baxua), Txus Aranburu (teklatuak, koruak), Ander Zulaika (bateria, koruak) eta Igor Telletxea (tronboia) musikariak ere arituko dira.

Fantasia Eñaut Elorrietaren disko eta bira berria da. Aitor Etxebarria ekoizle lanetan ibili da eta berarekin aritu da kantaria. Hala, “azken bi urteetan eskuz esku egindako lanaren emaitza da Fantasia eta Eñauten berezko esentzia harrapatzen saiatu da Aitor, maitasuna hari duten kantu soil, bare eta ederrak biltzen dituen diskoan”.

Lan berrian hamar kantu berri topatuko ditu zaleak, Eñaut Elorrietak sortutakoak, eta bere hitzez gain, Uxue Alberdi, Iñigo Astiz, Jose Luis Otamendi, Itziar Ugarte eta Amaia Lasa idazleen letrak ere musikatu ditu.

Donostiako kontzertuaren ostean, Bilboko Arriaga Antzokian izango da apirilaren 27an; Gasteizeko Principal Antzokian, maiatzaren 18an; eta Iruñeko Gaiarre Antzokian, urtearen amaieran.

Hiriburuetan eskainiko dituen kontzertuetan, horiek hasi baino lehen, Esna kanta abestiaren dokumental laburra eskainiko du sortzaileak, disko honetako sorkuntza prozesuari buruzkoa dena.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button