ESZENA

Gazteei zuzendutako udako sormen egonaldia, Loraldiaren eskutik

Loraldia Kultur Elkarteak gazteei zuzendutako egonaldia eta programazio egonkorra biltzen dituen Gaztea egitasmoa jarriko du martxan udan.

Ekimen honen helburuak “gazte-sormena sustatzea da, gazteei profesionalizatzeko bidean laguntzea, formazioa eta plaza eskainiz, elkarteak berezko dituen baloreak sustatzea, kultur aniztasuna islatzea eta diziplina aniztasuna, sormen-egonaldiak eskaintzea eta gazteen harremanak euskaraz sustatzea”.

Bi alorretan garatuko da egonaldia: alde batetik, gazteek sortutako sormen proposamenak eskaintzea La Terminal espazioan programa egonkor batekin; eta bestetik, Udako Ola, transmisioa lantzeko, sormena sustatzeko eta bide propioa egiteko sormen gune berri baten proposamena.

Zorrotzaurreko kultur eremua Bilboko etorkizunari begira diseinatuta dago, eta hor Loraldia Festibalak etorkizunari begira dagoen esperientzia berri bat sortu du: Loraldia Terminala. Loraldia Festibalaren 8. edizioan egin da aurten lehen saiakera, egun oso batez La Terminal eraikinean gazteek sortutako lanak plazaratuz.
Orain, hilean behin, gazteek sortutako mota askotariko euskarazko proposamen artistikoak eskainiko dira bertan, eta hala, apirilaren 8an, musika izango da nagusi, Bilboko Amooma taldearen eskutik, 22:00etan. Eta datozen hileetan ere izango da zertan gozatu (dantza, antzerkia, musika….).

Beste aldetik, Udako Ola transmisioa eta sormena lantzeko Loraldia Kultur Elkarteak antolatu dituen sei eguneko egonaldi kulturalak dira. Bi txandatan egingo dira: ekainaren 27tik uztailaren 3ra lehenengoa eta uztailaren 4tik 10ra, bigarrena. Antolatu diren saioetan makina bat adituk hartuko dute parte, besteak beste: Patxo Telleria, Iratxe Fresneda, Jokin Oregi edota Itsaso Arrieta. Horrez gain, sortzaile batzuen sormena hurbiletik ezagutzeko aukera izango dute: Miren Agur Meabe, Eñaut Elorrieta, Mursego, Mikel Martinez… . Horiek bisitan hurbilduko dira egonaldiaren egoitzara eta saio berezia eskainiko dute.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button