EZLEKUBAT

Arnau Sanz komiki-egileak: “Tito Integral askapen moduko ariketa izan da”

Barakaldon bizi den Arnau Sanz (Bartzelona, 1984) marrazkilariak Tito Integral izenburuko lana aurkeztuko du gaur Bilboko Anti liburu-dendan, 20:00etan. 200 orrialde inguruko lana da, bartzelonarrak abiatu zuen izen bereko fantzinearen bidez argitaratutako istorioak biltzen dituena. Horretarako Sanzek Aia argitaletxea abiatu du bere kabuz. Arnaurekin hitz egin dugu, bere alter egoa den Tito-ren gorabeheretan arakatzeko asmoz. Arnau iaz ere ekarri genuen gurera, Llavaneres (Edicions De Ponent) lanaren harira. Horretaz gainera, Mujeres rock talde ezaguneko kidea da.

Arnau, Tito Integral lanarekin autoediziora itzuli zara; zure lehen urrats artistikoak, hain justu, fantzineetan eman zenituen. Zer dela eta bueltatzen zara autoediziora?

Tira, hasieran fantzineak egiten hasi nintzen ikasteko, baita autoedizioan ari ziren lagunak nituelako ere. Denboraren poderioz, beste argitaletxe batzuekin hasi nintzen argitaratzen, baina era berean, fantzineekin jarraitzen nuen, gaur arte. Egun, hain justu, autoedizioan dihardut, baina editorial batera hurbiltzen den ideiarekin. Azkenean, ikusten duzu zenbat saltzen duten zure lanek, argitaletxearen promozio lanik gabe, gainera; hortaz, merezi du lan hori norberaren gain hartzea eta norberaren lanarekiko kontrolarekin gozatzea.

Oso formatu zainduan argitaratu duzu Tito Integral. Diru aldetik, ondo aterako zaizu?

Horretan ari gara! Emaitza ona eman didan inprenta batekin egin dut topo, lagunek aholkatutakoa, eta egia esan, oso kontent nago. Diru-kontuen gaia, tira, liburuaren prezioa ahalik eta gehien egokitzen saiatzen naiz, liburua mugi dadin eta jendeak errazago eros dezan.

Eta zer kontatzen du Tito-k?

Fantzineetan argitaratutako umore kostunbristako 200 orrialde biltzen ditu, autobiografikoa da eta 2008tik ari naiz plazaratzen. Orrialdeak nitaz hitz egiten dute, nire lagunez, nire bidaiez, nire lanaz, eta abar. 64 orrialde gehiago gehitu ditut, musikaren ingurukoak. Horri guztiari nire lehen fantzine ilustratua ere erantsi diot, Perro.

Ez duzu zure bizitza binetetan agerrarazteko erreparorik?

Serioagoa izango balitz, seguru baietz, eta hasieran sentitzen nuen aipatzen duzun erreparoa, baina umorezkoa denez, ez nuen inongo lotsarik sentitu. Finean, behin kontatzen jarriz gero, dena kontatzen duzu.

Tito integrala, istorio osoa  izaki, marrazkiaren eta istorioak kontatzeko moduaren bilakaera bat nabaritzen da. Nola azalduko zenuke garapen hori?

Uste dut denboraren igarotzea baino ez dela. Zazpi urte igaro direnez, marrazkia hobetu egin da eta buruan daukadanari hobetu egokitu zaio, oso sintetikoa izaten jarraitzen duen arren; haur-irudien antzekoak dira.

Edizio honekin badirudi etapa bat ixten duzula. Nolakoa izan da zazpi urtetako lan hori?

Oso dibertigarria. Askapen moduko ariketa izan da hau guztia modu dibertigarrian kontatzea: hortaz, fantzinearen bidez gauza positiboak baino ez ditut jaso.

Aia izeneko argitaletxe propioa abiatu duzu liburu hau plazarazteko. Beste artisten lanak jasoko dituen egitasmoa al da?

Bai, izan ere, argazki-liburu parea amaitzen ari gara, eta datorren urterako, liburua bat eta komiki pare bat gehiago. Apurka-apurka.

Lanak zure kabuz argitaratzeak zer onura ekartzen dizu?

Lanaren kontrola, salmenten kontrola; non eta nola funtzionatzen duen zure lanak jakitea; non ez duen funtzionatzen; alde bakoitzak zein portzentaje zehatz jasotzen duen… aurreko esperientzia editorialetan ez nuen erabat kontrolatzen. Liburu-saltzailearekin dudan harremana ere asko baloratzen dut, baina gehien baloratzen dudana da dirua ez banatzea banatzaileekin eta nire lanetik erabat urrun daudenekin.

Beste argitaletxe batzuekin lan egiten jarraituko duzu?

Oraingoz ez. Autorea naiz, ez dut askorik saltzen, egokitzen zitzaidan portzentajea minimoa zen. Liburu-saltzaile, editore, banatzaile eta bestelakoekin banatzean, kontuak ez dira ateratzen; beraz, aurretiaz jasotako dirua nahikoa izan ezean -horrelakorik ez da gertatuko-, nire asmoa da argitaletxeekin lan egitea, atzerrian eskubideak saltzeko baino ez.

Amaitzeko, oraindik Bilbon bizi al zara? Ze moduz zure musika-taldeekin?

Bai, hemen jarraitzen dugu, Barakaldon hain zuzen, ahalik eta gehien marrazten. Taldeen harira, orain Mujeres taldean bakarrik jotzen dut, baina nahikoa jotzen eta entseatzen dugu, beraz, ezin naiz kexatu.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button