MUSIKA

Rock, blues, jazz eta musika beltzaren kolorez jantziko da Bergara uztailean

Oparo dator aurten ere Berumuga, Bergarako musika zikloaren programazioa. Rock, blues, jazz eta musika beltzaren kolorez jantziko du zikloak herria aurten ere, uztailerako iragarritako lau kontzerturekin. Kontzertu guztiak, ostiraletan, gaueko 22:00etatik aurrera Espoloian izango dira.

Kalitatezko taldeak programatu dira aurtengoan ere, eta biharkoan, Rias Baixas bihotzetik datorren The Soul Jacket vigoarrak irekiko du zikloa. Duela hamar urte sortua, une honetan Galiziako talde garrantzitsuenetakoa da rock & roll  eta blues estiloan. Hala ere,  talde honek ez du inolako arazorik estilo horretatik aldenduz, soinu afro-latinoak, psikodelia kaliforniarra, funka, doinu afro-latinoak, groove hipnotizatzaileak, edota rhythm & blues eta soul estiloetan ere esperimentatzeko. Hala erakusten du taldeak bere azken diskoan gainera, jatorrizko musika beltzaren lurralde ezkutuetan areago barneratu baitira sei musikariak, funkari eta musika afro-latinoari hurbiltzen zaizkion pasarte instrumentalak lagun.

Hurrengo ostiralean, uztailaren 12an, groove, soul eta r&b doinuek girotuko dute herria, Cosmosoul talde madrildarraren eskutik. Bere hirugarren albumarekin dator taldea, Walk, oholtza gainean aurkeztuko duena. Lan honek, berretsi baizik ez du egiten une honetan penintsulan dagoen musika beltzeko erreferentziazko banda dela.

Uztailaren 19an, A Contrablues taldeak Europako gaur egungo blus estilo musikalaren panoraman banda onenetakoa dela erakutsiko du, eta uztailaren 26an, bebop eta groove-funk doinu dantzagarriekin, De Diego Brothers, sustraiak Bartzelonan dituzten baina jatorri bilbotarra duen taldea izango da.

Informazio gehiago, Bergara Udalak duen web atarian duzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button