IKUS-ENTZUN

Euskarazko hiru proiekzio otsail eta martxoan, Iruñean

Iruñeko Udalaren kultur proposamenak, Nafar Ateneoarekin elkarlanean, euskarazko hiru proiekzio biltzen ditu otsail eta martxorako. Civivox Condestableko areto nagusian izango dira hiru saioak, 19:30ean, sarrera doan eta lekua bete arte.

Lehenengo hitzordua gaur berton izango da, otsailaren 14an, Marina Lameirok zuzenduriko Dardara lanarekin. Ondoren, martxoaren 15ean, Juan San Martin eta Ritxi Lizarzaren Ainarak filma pantailaratuko dute, eta azkenik, martxoaren 28an, Amagoia Gurrutxagaren Loreak belaunetan, kulturaren zazpi ahots gazte pieza ikusteko abagunea izango da.

Gaurko saioko filmean argazki eder batez horniturik, Berri Txarrak rock taldeak hartutako erabakiaren gaineko hausnarketa dator. Taldeak 25 urteko ibilbide nekaezinaren ondoren gelditzea erabaki du. Baina dena utzi baino lehen, agur gisa, azken bira bat egiten du mundu erdian, denbora horretan bere musikarekin bizi izan diren zale horiei guztiei eskerrak emateko.
Bertan grabaturiko irudi zoragarri asko agertuko dira, eta zale askoren testigantzak, emozioak, negarrak, iritziak, sentipenak,… Marina Lameiro zinemagilea haiekin joan zen dena erregistratzeko asmoz, eta “erretratu koral bat egin du, bere lurraldetik Mexikora, Alemaniara, Japoniara eta AEBetara doazen istorio desberdinetatik abiatuta, guztiak ere pasio komun batek markatuta: Berri Txarrak taldearen musikak.”

Martxoko lehen saioan Ainarak filma izango da protagonista. Zaraitzu, Erronkari, Anso eta Echo ibarretako milaka emakumek Pirinioak oinez zeharkatzen zituzten Maulera (Zuberoa) iritsi eta espartingintzan aritzeko. Espartin-fabriketan lan egiteko bidaiatu zuten 1870tik 1940ra, eta emakume horiek, askotan 12 urtetik beherakoak, familia eta herria utzi eta lanera joaten ziren, diru pixka bat irabazteko. Urriaren 7an abiatzen ziren, Arrosario egunean, eta udaberriko elurrak urtu arte ez ziren itzultzen. Urtaroei lotutako migrazioa delako eta beltzez jantzita joateagatik ainarak esaten zitzaien. Arrazoi ekonomikoengatik egindako genero-migrazio masiboa eta urtaroei lotuta egindakoa da Ainarak filmaren gakoa. Marga Gutierrezen gidoiarekin, Juan San Martinek eta Ritxi Lizartzak zuzendu dute Ainarak filma (Maluta Films).

Loreak belaunetan. Kulturaren zazpi ahots gazte izeneko dokumentaleko protagonistak honako hauek dira: Oihana Arana (poeta eta bertsolaria), Amets Aranguren (musikaria), Kattalin Barcena (artista plastikoa eta musikaria), Dom Campistron (irudigilea), Ekain Ibarguren (aktorea, pailazoa eta malabarista), Iker Maguregi (zinemagilea eta musikaria), eta Maddi Ane Txoperena (kazetaria, idazlea eta bertsolaria). Dokumentalean honako galdera zaharrari erantzun bat eman nahi izan diote protagonista horiek: Zer izan nahi duzu handitan?

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button