ESZENA

“Rojo al agua” eta “Rusia” obrak taularatuko dituzte Bilbon eta Donostian

Gaitzerdi Teatrok eraturiko Kabiak ikerketa gunearen azken lana da Rojo al Agua. Antzezlana bihar eta etzi ikusi ahalko Bilboko Arriaga Antzokian, 20:00etan. Bihar, halaber, La Veronal konpainiak Rusia izenburuko dantza ikuskizuna antzeztuko du bihar Victoria Eugenia Antzokian.

Sara Gonzalez, Iosu Florentino, Joseba Uribarri, Juana Lor, Maria Goiricelaya eta Yolanda Bustillo aktoreek antzezten dute Rojo al agua Borja Ruizen zuzendaritzapean. Ofelia, Shakespearen pertsonaia, eta Virginia Wolf, idazle ingelesa dira protagonista nagusiak. Bien gutunen bitartez kontatzen da istorioaren zati bat.

La Veronal konpainiak Victoria Eugenian antzeztuko duen Rusia berriz, dantza ikuskizuna da. Bi istorio kontatzen ditu, eta ikusleak hautatzen du zein jarraitu. Errusia erdi aldeko Tula hirian bizi diren Andrei eta Nina bikotea dira protagonistak, eta inoiz egin duten bidaia luzeena egitekotan daude.

Antzerki familiarra euskaraz Uharten

Bestalde, Uharteko Udalak bihar herri horretan egingo duten familiari zuzenduriko euskarazko antzezlan baten berri eman digu. Hala, Kontakatilu konpainiak Katillukadak izeneko txotxongilo ikuskizuna taularatuko du herriko kultur etxean, 18:30ean.

Antzezlana 5 urtetik gorako gaztetxoentzat da eta honakoa kontatzen du: “Katilu bertsolari ohia da, azken urteotan herriz herri ipuinak kontatzen dabilena. Bera da txiringitoko burua, orain sukaldari, orain teknikari, orain dantzari… Denetik egiten du eta, zeregin baten eta bestearen artean… ipuinak aurkezten ditu”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button