MUSIKA

Kultura aniztasunaren agertoki bilakatuko da Galdakao, “Musika Bizian” jaialdiaren eskutik

Gaur aurkeztu dute prentsaurrekoan datorren urriaren 25 eta 26an Galdakaon ospatuko den Musika Bizian jaialdia, Europan egiten den Estaturik gabeko herrialdeetako musikari eskainitako jaialdi bakarra.

Galdakaoko Andra Mari Eusko Dantzari Taldeak abiarazi zuen jaialdiak sei hamarkada beteko ditu aurten, eta ordutik, bere izaerari eutsi dio: Euskal Herriaren antzekotasunak eta ezaugarriak dituzten estatu gabeko nazio txikien kultura eta musika indartzea eta sustatzea, kultura aniztasunari ateak zabalduz. Folk-rock musikako lehen mailako taldeak dakartza aurten ere jaialdiak baina familia osoari zuzendutako jarduera osagarriek ere osatzen dute egitaraua, horien artean lehen aldiz, luthier azoka handia.

Eta horrela nabarmendu dute antolatzaileek aurtengo egitaraua aurkezterakoan. Aurkezpen ekitaldian izan dira, Lorea Bilbao Bizakiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Saileko diputatua, Iñigo Hernando Galdakaoko alkatea, eta Andra Mari dantzari talde antolatzailea ordezkatu duen Jon Gomez Garai.

Jaialdiaren seigarren ediziora helduta, aurtengo kontzertuaren kartela Europako hiru luxuzko taldek osatzen dute: urriaren 25ean, ostiralez, Man Uharteko Mec Lir egitasmoa dakar Tomas Callister biolin jotzaileak, erritmo zeltiarrak lantzen ditu, dantzara eta dibertsiora gonbidatuz;  Eskoziatik Skipinnish taldeak herrialde hartako melodia tradizionalak atsegin dituztenak asebeteko ditu; eta Baldrs Draumar, Herbehereetako Frisia probintziako hizkuntzan abesten dituen viking metal taldearen formatu akustikoa eskainiko dute urriaren 26an, larunbatez.

Euskal taldeek ere badute tokirik kartelean. Hala, Mec Lir taldearen ondoan arituko dira ostiralean luxuzko zortzi euskal musikarik osatzen duten Alboka taldea, Alan Griffin eta Joxan Goikoetxea lider dituen eta 25. urteurrena bete berri duen euskal folk talde beteranoa. Azken mende laurdenean euskal musika herrikoiari leial jarraituz, Lurra Ur Haize disko berria aurkeztuko dute Musika Bizian jaialdian, erromantze tradizionaletan oinarritutako melodiak eguneratuz, sortu berri diren beste batzuk batzen dituena. Eta Iñaki Ortiz de Villalbak Beta, Betagarri talde gasteiztar historikoak bultzatutako egitasmoa da beste euskal musikaren ordezkaria: Modus Operandi seikotea. Talde horrek rocka, soula, reggaea eta baita Balkaneetako eraginak uztartuko ditu, larunbatean Iturriondo plazako agertokian. Hala ere, kontzertuez gain, bestelako kale animazioak eta familiartean gozatzeko jarduerak ere ondu dituzte egunean zehar. Esaterako, Taberna ibiltaria ibiliko da ostiral arratsaldean herriko kalean girotzen.

Larunbatean aldiz, eguerdiko 12:00etan, ateak zabalduko ditu Luthier azoka handiak. Bertan,  Okzitania, Sardinia, Galizia eta Euskal Herriko taldeen hainbat emanaldi ondu dituzte, musika-tresna tradizionalen fabrikazioan espezializatuta dauden luthierren erakusketak eta umeentzako tailerrak girotuko dituztenak. Hala, hamar minutu inguruko kontzertu txikiak  emango dituzte, fabrikatzen dituzten musika-tresnak jotzeko eta horien soinu propioak erakusteko: Landetako kornamusa, Sardiniako klarinete hirukoitza edo zanfona, albokekin, txalapartekin, panderoekin, txistuekin, danborrekin, adarrekin… batera. Ez da faltako berrerabilitako materialarekin egindako musika-tresnak ere. 19:00etan gainera, kalez kale ibiliko da Xistra de Coruxo galiziar taldea ere.

Eguneko egitaraua oparoaz, musikaz, eta kultura aniztasunaz gozatzeko Musika Bizian jaialdia duzue.

Laster baten, informazio gehiago izango da, Andra Mari Eusko Dantzari taldearen web atarian.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button