LITERATURA

Ganbila eta MPK sailetan lan berriak argitaratu dira

EHAZE eta Susa argitaletxearen eskutik, Ganbila bildumak beste bi ale dakarzkigu udaberri honetan. Oier Guillanek argitaratu berri du Aztitza liburua, azken bederatzi urteetan garatu dituen 11 proiekturen emaitzarekin. Bertako piezak, batzuk luzeagoak, besteak laburragoak, tarteka poesia fisikoaz eta umore absurdoaz blaituta datoz. Performanceak batetik, idazketa saio esperimentalak bestetik, Arra. Arraroa, Mr. Señora, Zauri Bolodia, VHS edo Miss Karaoke bere aurreko proposamenen oihartzunak ere erraz aurkituko ditu irakurleak testuotan, bilaketa eta kuestionatze etengabearen fruitu.

Agurtzane Intxaurragak idatzitako bi obra biltzen dira beste alean: Zorretan (2024) eta Hitzak (2012). Hamabi urteko tartean idatziak eta antzeztuak, berrienak zaintza-hautuak eta dolu-egunak ditu ardatz nagusi; zaharrenak, aldiz, bortxa matxista psikologikoa. Arrastoa utzi duten bi antzerki lan, oraingoan literaturaren eremura ekarriak.

Beste aldetik, Munduko Poesia Kaierak bildumak Frank O’Hara eta Oscar Milosz poeten antologiak hartu ditu.
Frank O’Hara poetaren obran espresionismo abstraktuko trazu literariotuak dira bereizgarri nagusietako bat, baita irudi surrealista askotarikoak eta geruza ugariko zertzelada poetiko bizkor eta multipleak ere. Haren poesia intimoa baina kanpozalea da, eskaini zalea, espirituala bai baina hizkera eta objektu terrenalez josia, dibertitua eta ironikoa, eskuzabala baina ez erraza. Itzulpena Beñat Sarasolak egin du.

Oscar Milosz idazleak gizon tormentatu baten poesia egiten du. Gai eternalak jorratzen ditu (denboraren joana, maitasuna, bizitzaren zentzua), ezinegon kartsu batek bultzaturik. Maitasuna, Miloszen poemetan, ezinezkoa eta irreala da; idealizatuki bizi du, haurtzaroko esperientziei loturik eta feminitate aingerutar eta amatiar batean sublimaturik. Desilusio lurtarrari absolutuaren bilaketaren bitartez erantzuten dio.
Itzulpena Patxi de Vicente Arbeloak egin du.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button