ESZENA

Eztena, Kalean Badena

Hemen dago Eztena antzerki jaialdia, ekainaren 9, 10 eta 11n Oreretan gauzatuko dena, eta  hainbat ikuskizun, performance kolektibo eta tailerren erakustaldi bilduko dituena. Emanaldi guztiak herriko kaleetan eta eszenatokietan egingo dira, hala nola, Gamon Zumardian, Lekuona Fabrikan, Gaztaño auzoan eta erdiguneko kaleetan.

“Kaleetan badenarekin eta kalean ikusten ez denarekin lan egin nahi dugu edizio honetan. Kalera atera esaten dugunean, kalera sartzen ari garela esan genezake: eraikinek harresitutako lurrak dira hiriak eta auzoak, etengabeko performance erraldoietan dauden espazioak, ormigoizko eta asfaltozko areto biziak, eta denok gara bertako ikusle zein antzezle. Eguneroko kaleko hartu emanei eta arteak kalean duen presentzia beharrari keinu egin nahi diegu aurten. Kalea kontzeptuaren iruntziarekin edo atzealdearekin jolastea da xedea; artistikoki kaleari beste dimentsio batzuk topatzea.”

Ekintza eta ikuskizun asko antolatu dira. Adibidez, Igor x Moreno taldearen Concerto pieza, non koreografiaren, abestiaren eta musikaren hizkuntzak batu nahi diren, lan intimo eta bisualki aberats batean. Edo, Koldo Arostegiren Bobo. Bertan “dantzatzen, abesten eta gogoratzen dut telebistan ikusten nuen emakume bizi hura, behin eta berriz errepikatzen dut pelikula haren eszena: gizona izaten saiatzen naiz, ez dut lortzen, aspertu egiten naiz eta abesti horretatik zintzilik geratzen naiz etengabe bueltaka.” Edo, Tripak kolektiboaren Platea. “Tarteko existentziaren edo arimen trantsizioaren ideiatik abiatuta, Platean, imajinatutako linbo baten irudikapen gisa, bankete baterako prest dagoen mahaia aurkezten zaigu padura baten erdian. Mareen mugimenduak bizitzaren ematearen eta hartzearen propietatea nabarmentzen du, azalpenik edo euskarririk aurkitu gabe. Jainko batek, zeremonia maisu bezala, ongi etorria ematen die inguru aldakor honetara iristen diren gorputzei.”

Beste aldetik, Myriam Rzm eta Garazi Gorostiaga adituek Ekintzak eta lekuak soinutu tailerra emango dute; Koldo Arostegik eta Eneko Gilek Momentua bizi, espero ez dugun gorputz baterantz izenekoa; eta azkenik, Marina Suarez eta Andrea Berbois bikoteak Gorputzak pasieran izenekoa garatuko du.

Eztena antzerki jaialdiak dauka informazio guztia.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button