IKUS-ENTZUN

Euskaldunako emakumeen gaineko filma ikusgai Gasteiz eta Donostian

Euskadiko Filmategiak Euskal Emakume Zinemagileak zikloaren laugarren edizioa abiatu zuen urrian, eta 70eko hamarkadaren amaieran eta 80ko hamarkadaren hasieran jaiotako zuzendarien hamaika film eskainiko ditu udazken honetan.

Zikloaren antolatzaileek esan duten moduan, “Haien errealitatea ez da aurrekoek bizi izan zutenaren bera, eta desberdinak dira haien pertzepzioa, interesak eta begiratzeko modua ere. Zenbait ezaugarrik bereizi egiten dituzte emakumeok aurrekoetatik, baina beste askok eta askok lotu egiten dituzte guztiak. Leku propio bat aldarrikatzeak batzen ditu batzuk zein besteak, eta emakumeek funtsezko eginkizuna dute arian-arian sorturiko ekosistema horretan. Edizio hau osatzen duten fikziozko filmetan eta dokumentaletan, emakume errealizadoreek luze-zabal hitz egiten dute emakumeez, haien munduaz, beren buruaz, lankide eta adiskideez, bidea ireki zuten emakumeez eta ondoan jarraitzen dutenez ere”.

Ziklo horren barruan, gaur eta bihar, Larraitz Zuazoaren Nosotras, mujeres de Euskalduna filma ikusi ahalko da. Gaurko emanaldia, Artium museoan izango da eta biharkoa Tabakaleran.

Hauxe duzue lanaren sinopsia: Araitz Euskalduna ontzioletako langile baten alaba da, eta buru-belarri ekingo dio Bilbon 1983 eta 1988 bitartean izaniko borrokaren memoria berreraikitzeari -horri esker lortu zuten, hain justu, ontziolak ez ixtea-. Horretarako, amaren ikuspegia eta oroitzapenak baliatzen ditu, bai eta Euskaldunako Emakumeen Asanbladan parte hartu zuten beste emakume batzuenak ere. Asanblada 1984an sortu zen, greban zeuden langileen alde.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button