ARTEA

Omako Basoa argazkitan ikusgai, Donostian

Duela urte dezente, Agustin Ibarrola Oman kokaturik dagoen baso bat margoztu zuen, gerora artearen munduan ezinbesteko erreferentzia bilakatu zena. Baso horretan ateratako makina bat argazki ikusgai izango dira ekainaren 12ra arte, Tabakalerako Kutxa Kultur Plazan.

Omako Basoa esperientzia artistiko aparta da, sorkuntza, espazioa, artea, abangoardia eta natura hibridatzen direlako eskuhartze horretan, eta beti ere elementu horiekin etengabeko elkarrizketan ari delako. Espazio horrek berebiziko garrantzia du barne biltzen duen magiagatik, eta horrek mota askotako begiradak baimentzen ditu.

Agustin Ibarrolak artearekiko konpromiso irmoa erakutsi du beti, jarduketa-aniztasunaren eta zabalki garatutako ibilbide baten bidez, non naturarekiko lotura funtsezkoa den. Bere lanaren funtsezko ezaugarrietako bat da ere jarduera artistikoa garatzen duen inguruarekiko lotura. Inguru fisikoarekiko ez ezik, inguru emozionalarekiko ere bai. Hasiera-hasieratik, bere lanean etengabea izan da naturalismo deskriptiboaren eta ohar diskurtsiboaren arteko igarotzea, baita figurazio espresionistaren eta abstrakzio analitikoaren arteko igarotzea ere.  Ez dira joera kontrajarriak, baizik eta artearen eta bizitzaren aniztasuna ulertzeko modu bat.

Ibarrola berak dioen bezala: “Saiatu izan naiz kultura garaikidearen eta nire herriaren kultura antzinakoaren arteko harremana estutzen, nire herriren baitan bilatzen baititut oraindik sustraiak”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button