LITERATURA

“Euskal Baladak” mintzagai, Durangoko Arte eta Historia Museoan

Durangoko Arte eta Historia Museoan, Jabier Kaltzakorta irakasleak Euskal Baladak izeneko hitzaldia emango du gaur, urriak 3, 19:00etan.

Euskal balada eta koplaren inguruan gehien dakiena Jabier Kaltzakorta irakasleak da. Duela urte batzuk, euskarazko perla zoragarriren biltzaile amorratua den Jabier Kalzakortak Dantza-kopla zaharrak lan itzela moldatu eta argitaratu zuen. Bertan kopla eder asko bildu eta aztertu zituen. Egindako lanaz galdetzean hauxe zioen Kalzakortak: “Lan bat argitaratzen duzunean, daukazun guztia edo gehiena argitaratu arren, peskizan eta ikerketan jarraitzeko gogoa ez duzu alde batera uzten. Lan bat argitaratzeak ez du esan nahi mendiaren gailurrera iritsi zarenik. Ibili duzun bideak aurrera eramaten zaitu nahitaez. Dantza-kopla zaharrak argitaratu nuenetik kopla-sail berriak ezezik ikerketako bide berriak ere baditut. Horiekin guztiekin, argitaratu ditudan materialekin eta buruan ditudan ideiekin liburu bat osatzeko lain badut”. Eta gero hauxe gaineratu zuen: “Euskarazko ahozko generoak maite ditut. Dantza-koplak bezala baladak edo esaera zaharrak”.
Oraingoan baladak hartu ditu aztergai, eta mila gordelekuren barrenean ibili ostean, altxorrak topatu ditu, eta gero bitxiok aztertu eta liburu formatuan argitara eman ditu: Euskal baladak: azterketa eta edizio kritikoa (Labayru) da emaitza bikaina.

Gaurko saioan komentatuko duenaz, berak hala azaldu digu: “Euskal baladategian balada historikoak multzo garrantzitsu bat osatzen dute. Euskal Herri osokoak izan beharrean eskualde edo alderdi batekoak bakarrik izan ohi dira. Berterretxen balada, esaterako, Zuberoan bakarrik kantatzen da; baina Zuberoan bertan bailara batekoak dira batez ere; Urtsuko balada, esaterako, Nafarroakoa da, baina ez Nafarroa osokoa, batez ere Baztan aldekoa: Arizkungo herrian Urtsua torrea ardatz duen eskualde batekoa. Euskal balada historikorik zaharrena XV. mende erditsukoa da eta berriena, itxura guztien arabera, frantsestekoa XVIII. mende bukaera edo XIX. mende hasierakoa. Balada hauek guztiek gertaera bihotz-erdiragarri bat kontatu ohi dute: traizioa, heriotza, kontrabandoa,… Gehienak odoltsuak izan ohi dira. Protagonistak handikiak etxetorre edo jauregi jabeak izan ohi dira. Handiki edo handi-mandi horiek Erregeak ere izan daitezke. Baladetako testua indartsua, zirraragarria izan ohi da gehienetan: nekez esan daiteke hain modu indartsuan eta zirraragarrian zerbait…
Euskaraz dauden testurik ederrenetakoak -ederrenak ez badira- baladek osatzen dute”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button