EZLEKUBAT

Irati F.G.: “Errealitatea marraztea mundua hobeto ezagutzea da”

Irati Fernandez (Lizarra, 1983) marrazkilari konpultsiboa da. Etengabe ari da marrazten. Errealitatea bere arkatzetik filtratu eta koadernoetan irudikatzen du. Behin eta berriro dio, marrazkigintzaren bitartez mundua, alegia, errealitatea hobeto ulertzen eta ezagutzen duela. Gaur egun edozein gauzarekin marraztu daitekeela dio. Horregatik, agian, egiten ditu estilo anitzeko irudiak, eta eroso sentitzen da hainbat diziplinetan, tartean, animazioan eta komikigintzan. Fantzineak egitea ere atsegin du. Izan ere, parte hartu duen azken fanzineak, Gato Negro-k, saria jaso zuen 2009ko Bartzelonako Komiki Azokan. Hiri katalanean bizi da eta hara eta hona dabil bere lanak erakusten. Zorte apur bat behar duela dio, baina bere lanak ikusita ziur gaude ahalegin horrek bere saria jasoko duela. Iratirekin jarri gara harremanetan e-mail bidez.

Zure Flickerreko galeria ikusita badirudi funtsezko beharra duzula marraztea. Nolakoa da zure lotura marrazkigintzarekin?
Natura edo errealitatea marrazteak mundua hobeto ezagutzen eta ulertzen laguntzen didala uste izan dut beti; hori oso garrantzitsua izan da niretzat, munduan dauden xehetasun txiki pila aurkitzen dituzunean, pertsona, leku edo gauza ezberdinen ezaugarriak zeure egiten dituzu nolabait, errealitatearekin beste era batera harremanetan jartzen zara, eta beste era batera ere begiratzen duzu. Oso sentsazio ederra da hori!
Baina gauza bat utzi nahi dut argi, gaur egun edozein gauzarekin marraztu daiteke, eskultura lanekin, argazkilaritzaren bitartez, edo ideiekin ere bai! Mundua hobeto ezagutu eta ulertzeko nik papera eta arkatza erabiltzen ditut, baino badago beste gauza batzuk erabilita kriston gauza ederrak egiten dituen jendea!

Zenbait komiki lehiaketa irabazi dituzula irakurri dugu. Lagungarriak dira lehiaketak norberaren lana ezagutarazteko? Edo lan gehiegi da hain etekin gutxirako?
Normalean lehiaketak irabaztea ondo dator, zure lana munduan pixka bat gehiago zabaltzeko, zure lanean konfiantza pixka bat izateko, eta diruren bat irabazteko, noski. Ematen du argitaletxeek zure lanean gehiago fida daitezkeela, berez, jende gehiagoren “begi ona” daukazulako eta horrek zure lanari beti “plus” antzerako bat gehitzen diolako. Alde horretik, nire ustez beti da ona lehiaketetara aurkeztea, denbora eta gogoa badira.
Baina bestetik, zure lanean konfiantza badaukazu ez duzu lehiaketak irabazteko beharrik, edozein lekutara joan zaitezke eta zure lana aurkeztu, beti zure lanarekiko kritikak jasotzeko prest bazaude. Zeure burua, lana eta mundua ondo ezagutu behar dituzula uste dut, zure lanarekiko kritikak noraino eragin beharko dizuten jakiteko, hori zaila da batzuetan.

Zure lanak ikusita marrazkietako estilo desberdinak nabariak dira. Zure buruan ere horrelako sailkapenak egiten al dituzu?
Berez, horrekin daukat arazo handiena, gauza asko atsegin ditudalako. Tira, hori eta gustuko ditudan gauza pila. Horien artean zerbait aukeratzeko orduan beti zalantzan nagoelako… Baina gehienetan helduagoa egiten zaren heinean gauza ezberdin gehiago ikusi eta bizi dituzu, eta zure burua hobeto ezagututa, gehien gustuko duzunaren irudi argiago bat daukazu, orduan horretara zoaz zuzenean.
Nire buruan daukadan sailkapena, normalean marrazki eskematiko edo marrazki landuago edo errealistagoen artean dago. Marrazki eskematikoak ere landuak izan daitezke, baina irudi bat konposatzerako orduan, edo koloreztatzeko orduan, eta batez ere marrazki batekin ideia bat argitasun gehiagorekin irudikatzeko, marrazki eskematikoak lantzeak asko lagundu dit.

Zure Eguneroko grafiko-a deigarria iruditu zaigu. Badirudi koaderno horietan egunerokotasunaren islak jasotzen dituzula. Hor aurkitzen al dituzu marrazteko motiboak?
Egunerokoan baino, errealitatean esango nuke. Gustuko dut nire alboko gauzak eta pertsonak marraztea, eguneroko bat eramatea bezala delako eta nire ingurunea hobeto ezagutzeko aukera ematen didalako.
Honek pixka bat inozente xamarra eman dezake, baina batzuetan metrora sartzen naizenean eta jendearen aurpegi ezberdinak ikusten ditudanean halako subidoi antzerako bat hartzen dut: aurpegi guztiak ezberdinak dira! Bagoiko guztietan marrazki pare bat egiteko gogoa izaten dut, munduan dagoen edozein pertsonaren, gauzaren edo lekuren dibertsitatea izugarri ederra eta handia da!

Komikigintzaren arloan sari asko jaso dituzu. Zerk erakartzen zaitu? Zer nolako istorioak kontatzen dituzu?
Komikigintza alternatiboan normalean zure lanaren kontrol osoa daukazu, nahi duzun istorioa kontatzen duzu eta ez duzu beste inoren beharrik, benetan zure istorio edo ideien bat adierazi nahi baduzu, nire ustez komikia modurik zuzen, merke eta errazena da, papera, arkatza, eta irudimena bakarrik behar direlako.
Ez daukat oso argi zer nolako istorioak kontatzen ditudan… Normalean istorio interesgarriak iruditzen zaizkidanak. Asko dira, baina, noski, niretzat interesgarria izan daitekeen zerbait, beste norbaitentzat oso aspergarria suerta daiteke. Hala ere, gehien gustatzen zaizkidan istorioak nahiko arraroak direla uste dut.

Zeintzuk dira zure komikilari kuttunak?
Bufff, pila bat! Bizitzan zehar pila bat izan ditut. Txikitan, F. Ibañez, Herge, René Goscinny, Sempé eta antzerakoen lanak oso eskura nituen, horien komiki eta liburuekin pila bat disfrutatu dut.
Eta gaur egun, autore pila atsegin dut, hasieran oso modu bisualean mugitzen nintzen nire gustuetan, marrazki dotore eta landuak egiten zituztenak bakarrik atsegin nituen, baina komiki munduan oso sartuta zeuden lagunen bitartez beste komiki mota batzuk ezagutu nituen, batez era komiki frantziarra eta alternatiboa. Nahiz eta marrazki oso landu bat ez izan istorio interesgarriak dituzten komikiak dira. Gaur egun pila bat komikilari aipatu ditzaket, batzuk esatearren: Moebius, Dave Mckean, Joann Sfar, Chris Ware, Frederick Peters, Nicholas DeCrecy, Taiyo Matsumoto, Max, Jilliam Tamaki, Lilli Carre, Rutu Modan… 

Animazio lan txukunak ere egin dituzu, zein diziplinatan aurkitzen zara ondoen?
Marraztu daitekeen edozeinetan. Animazioko mundua txikitatik atsegin dut. Txikitan Disney-ko marrazki bizidunak ikusten nituen gehienbat, eta bertan lan egin nahi nuen! Animazioa benetako magia iruditzen zitzaidan, edozer gauza mugi dezakezu! Hori kristona iruditu zait betidanik!

Proiektu kolektiboetan parte hartzen duzu? Zeintzutan?
Zaragozako lagun batzuekin fanzine batean parte hartu nuen, Gato Negro izenekoa. Oso esperientzia majoa izan zen, eta 2009 urtean Bartzelonako Komiki Azokan saritua izan zen, asko poztu ginen. Aurrerago lagun gehiagorekin fanzinetxo gehiago ateratzeko gogoa daukat. Jende gehiagorekin lan egitea eta proiektutxoak ateratzea oso aberasgarria da beti.

Zertan zabiltza gaur egun? Etorkizuna paperean marraztu zenezake?
Gaur egun proiektu batzuk prestatzen ari naiz hainbat tokitan aurkezteko. Oraindik ez ditut nire lanak oso modu serioan mugitu, baina aurrera jarraitzeko gogo handiekin nabil! Ea zorterik dudan!

Azken galdera horri Iratik marrazki baten bitartez ere erantzun dio. Hona bere lana:

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button