ESZENA

“TopAraba” egitasmoak baditu saridunak

Oihaneder Euskararen Etxeak eta Vital fundazioak euskarazko kultura sormena sustatzeko antolatu duten TopAraba egitasmoak Marina Suarezek, Irantzu Lekuek, Josune Velez de Mendizabalek, Edu Zelaietak, Ander Gondrak eta Txema Ramirez de la Piscinak osatutako Mamiak kolektiboaren Ogiak hizketan baleki eta Beñat Goitiaren eta Anne Baskaranen Benniz proposamenak saritu ditu. Guztira 7.500€ banatuko dira bi proiektuak laguntzeko: Ogiak hizketan baleki proiektuarentzat 4.000€ eta Benniz-entzat, berriz, 3.500 €.

Orain, sei hilabeteko epea izango dute beren egitasmoak osatzeko, eta udazkenean Oihaneder Euskararen Etxean aurkeztuko dira.

Ogiak hizketan baleki lanean, kazetaritza performatikoa erabiliz, Gasteizko historiaren baitan ahaztuta dauden zenbait pasadizoren berreskurapena planteatzen da: “1836an gaude, Gasteizen, lehen karlistaldian. Josefa de Mugika alarguntzear da. Hiru egun barru, hiriaren erdialdea okupatzen duten tropa ingelesek bere senarra, Jose de Elosegi, exekutatu behar dute, Gasteizko Plaza Zaharrean, milaka soldadu atzerritar suharturen aurrean. Garrotez hilko dute. Traidore izateagatik, soldadu liberalen artean desertzio-sare erraldoia antolatzeagatik. Baina, zerbait gehiago ere leporatzen diote Joseri, are eta ikaragarriagoa den beste zerbait, benetan izugarria… Azken hilabeteetan Gasteizen hil diren 1.200etik gora soldadu ingelesen heriotzaren erruduna dela uste dute liberalek. Egia ote?”

Benniz musika eta ikus-entzunezkoa batzen dituen proiektu da, baina  argiztapena, moda eta ilustrazioa ere barneratzen ditu. “Azken urteetako musika kontsumoaren joerek dagoeneko joera izateari utzi diote, pandemiak haustura digitala eraginez betikotu egin baititu. Gaur egun, kantu batek ez du esanahi osaturik soilik belarriekin entzuten bada. Kantu hori laguntzen duten bideoek, jantziek, argazkiek, iruditeriak, hau da, estetikak osatzen dute mezuaren esanahia”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button