ARTEA

Ana Schmidt artistaren barneko munduak Getxon

Arkitekturan eta pinturan jarduera arrakastatsuan murgilduta dagoen Ana Schmidt artista alemanaren obra, Getxoko Torrene Aretoan erakusten ari da uztailaren lehen aste honetatik eta 31ra arte.

Ana Schmidten obra piktorikoa figuratiboa eta errealista da, eta modu bereziaz baliatzen da errealitate hori islatzeko. Pintura erakusketa honetan askotariko gaiak jorratzen ditu egile alemaniarrak, hala nola hiriko paisaiak, barneko munduak, giza-irudiak edota natura hilak.

Serie ezberdinetan banatu ditu bere lanak Torrene Aretoko gelan. Lehenengoan, hiriko paisaiak bildu ditu, hurbilak, El Abrako industria paisaiak, Santa Ana auzoa, Areeta, eta “hiriko lurraldeen oroimen historikoari buruzko hausnarketa konprometitua” proposatzen du lan hauen bidez.

Bigarren serieari Barnealdeak izena jarri dio eta artistak giza-irudia hartu du gaitzat. Velazquezen Las Meninasen oinarritutako lan baten bidez begiraden jokoa jorratu du, bereziki artistarena.

Hirugarrenean Vanitas edo natura hilen gaia landu du bizitzaren eta denboraren hauskortasunaren eta laburtasunaren sinboloak irudikatuz. Eta azkenik, Islak laugarren seriean aurreko lanak hartzen ditu baina benetako ispiluak erabiliz.

Ana Schmidt arkitekturan nabarmendu da hainbat sari irabazita eta eraikin eta espazio publiko ugariren egilea da. 1983tik aurrera banakako nahiz taldekako erakusketak egin ditu Bartzelonako Reales Atarazanasetan eta BBVAko Francesc Maciá Erakusketa Gelan, Hego Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialean (Bilbon), Valentziako Arte Modernoko Institutuan (IVAM), Arco 2011 azokan eta Alemanian NordArt 2012 Nazioarteko Erakusketan.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button