MUSIKA

Gaur Mikel Uraken kantautorearen kontzertua Euskararen Etxean

Gaur Mikel Uraken (Bilbo-Santutxu, 1982) kantautoreak kontzertua eskainiko du Bilboko Euskararen Etxean,20:00ak inguru. Azkue Fundazioak antolaturiko kontzertua da, Nontzeberrirekin lankidetzan. 

Neguaren ostean izenburuko disko argitaratu zuen duela bi urte; gitarra eta ahotsez jantzita dator. Grabazioan tradizioan sustraitutako euskal folk garaikideko zazpi doinu berri bildu ditu Urakenek, gordinak, eta era berean sentikorrak, Laboaren eta Bon Iver kanadarraren itzalak bereak eginez. Guztira 42 minutu musika ederrarekin.
Andoaingo Garate estudioetan grabatu zuen, analogikoki, eta Kaki Arkarazo teknikariaren zuzendaritzapean, eta Javi Letamendia musikari (El Inquilino Comunista, We Are Standard) eta teknikari bizkaitarrak ekoitzi zuen.

Gorka Erostarbe (Berria, Badok.info)  kazetariaren aburuz, “apustua ederra, ausarta, eta hunkigarria” da. Staff Magazine argitalpeneko Angel Ignaciok, halaber, hauxe esan du Urakenen lanaren harira: “Disko preziosista da, talentua eta bere lanarekiko konpromisoa haizatzen dituenak”.

Nontzeberrik eginiko elkarrizketa batean hala esaten zuen Mikelek: “Abesti bakoitzak badu bere izaera…batzuetan hitz gehiago eskatzen dute, eta besteetan, berriz, ez horrenbeste. Egia da hemen Euskal Herrian badagoela hitz luzeekin abestiak egiteko joera, baina lehen aipatu dudan bezala, nire ildo propioa jarraitzen dut, eta nahiago dut hitzen sonoritateari garrantzia eman, edukiari baino. Azken finean, ez naiz idazlea, musikaria baizik, eta ahotsa erabiltzen dut beste instrumentu bat izango balitz bezala. Batzuetan, ez dut ezta hizkuntza bat ere erabiltzen, Ekialdetik dator abestia kasu: onomatopeiak erabiltzen ditut, eta nik asmatutako eta inprobisatutako hitzak. (…) Kontzertu batzuk eman ditut disko berriaren errepertorioarekin, eta sumatu dut jendea konturatu dela disko hau askoz pertsonalagoa dela, eta orijinalagoa, aurrekoarekin konparatuz, eta, nolabait, nire bide propioa aurkitu dudala. Pozik nago iritzi horrekin, azken finean, gauza bera uste baitut. Musikari baten eta bere publikoaren artean adostasuna dagoenean, izugarrizko gozamena da”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button