Otsailaren 24 eta 25ean, Bertako Fest egingo da Gasteizeko Baratza Aretoan, eta bi egunetan, bi pieza eskainiko dira.
Otsailaren 24an, larunbata, 20:00etan, Identitarteak antzezlana izango da ikusgai. Lutxo Egiak idatzitako Identitarteak antzezlana Gilkitxaro taldearen lan berria da, eta pieza horren bidez, 25 urte bete ostean, berriz haien buruari nor eta zer diren galdetu nahi diote.
Ane Zabala eta Galder Perez galdera berri eta zaharrekin jolasten jarraitzeko asmotan, Lutxo Egia idazlearen testua abiapuntu hartu eta Aitor García de Vicuña (Gartxito) musikariarekin antzezlana sortu dute.
“Izan ala ez izan, antzerkiaren galdera handietakoa izan, bada. Aritu ala ez aritu, hori ere bada teatroaren beharrezko jolasa. Antzerki lan honetan jokatzen duten pertsonaiak zerbait, norbait, izatera aritzen dira, solasean, jolasean. Etengabeko bilaketa den solasaren jolasean arituko dira, galduko dira eta aurkituko dira. Pertsonaiak ala ez pertsonak. Identitateak ala identitarteak. Identitate hitza aipatu gabe, terminoa eta terminoekin soka batean galtzeko moduko jolasa planteatzen dute Finn eta Seric protagonistek. Beti ere umorez, jolasa bestela ez baita jolas. Eta baita ironiaz beti ere, solasa bestela ez delako solas. Absurdua, ezta? Bai, izan bada, badelako. Hala ari delako.”
Otsailaren 25ean, Popperra, afterra, utopia Miren Narbaiza eta Danele Sarriugarteren eskutik. Berrogeita bost minutuko emanaldi bat da, hitza eta soinua uztartzen dituena. Danelek testu bat irakurtzen du, hiru zatitan banatzen dena, eta irakurketan bertan zein etenaldietan Mirenek soinu-giroak sortzen ditu, eta kantuak jotzen. Hitzek eta musikak batasun bat osatzen dute.