MUSIKA

Nazioarteko Trikitixa Jaialdia Getxon

Azaroaren 19an, Getxoko Areetako Andres Isasi Musika Eskolan, 19:00etan, Nazioarteko Trikitixa Jaialdia gauzatuko da.

Nazioarteko Trikitixa Jaialdiaren edizio honetan ere, aurreko urteetako ikuskizunen helburua mantentzen da; hau da, trikitixa jotzeko era eta estilo ezberdinak erakutsi nahi dira, baita trikitixa (musika tresna) munduan zehar beste musika tresna batzuekin zelan uztartzen den ere.

Bizkaiko Trikitixa Elkarteak lantzen dituen ildoetan irakaskuntza lantzen da; aipaturiko musika tresna, estilo eta jaialdian joko duten trikitilariak ezagutzera emanez. Bestetik, trikitixa bera sustatzen da; izan ere, jaialdi hau edozein publikori zuzentzen zaio (trikitixa ikasleei, trikitixairakasleei, trikitixa eta orokorrean musika zaletuei, folklore zaleei, umeei, helduei, … ).

Jaialdia bukatu ostean, urteroko Trikisession-a ospatuko da Areetako Glass tabernan. Bertan, jaialdian parte hartuko duten musikariek aukera izango dute, era informalago batean, elkarrekin jotzeko eta inprobisatzeko.

Aurtengo jaialdira honako artistak hurbilduko dira: Galiziatik Bieito Romero, Xan Cerqueiro eta Diego Barral; Kataluniatik Guillem Anguera, Hector Beberide eta Isidre Sans, eta Euskal Herritik Kris eta Xabi Solano, Kepa Junkera eta Jose Luis Canal, eta Urtzi Enrikez eta Marc del Pino.

Nazioarteko Trikitixa Jaialdia Bizkaiko Trikitixa Elkarteak antolatzen du, Getxoko Udala eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzaz.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button