EZLEKUBAT

Anti-Liburudenda: “Zenbat eta gehiago espezializatu, gehiago saltzen dugu”

Bilboko Maitzak Bi kalean dago kokatuta ANTI- liburudenda. Saltoki berezia da oso, ohiko merkatal irizpideetatik urruntzen dena. Izan ere, beste komertzioetan saltzen ez diren liburuak aurki daitezke, askotarikoak gainera, arkitektura, diseinua, ilustrazioa edo haurrei zuzenduriko liburu zoragarriak aurkitzen dira dendako apaletan. Liburu partikularrak saldu ez ezik, San Frantzizko auzoko bizitzan eta jarduera kulturalean erabat txertatuta dagoen agentea da. Horrez gain, erakusketak ere antolatzen ditu. Hortaz, saltzeko helburu bakarra duen liburudenda arruntetatik bereizita dagoen ekimena dela baiezta daiteke. Guzti hori dela eta, oso interesgarria iruditu zaigu ANTI- bezalako esperientzia bitxia eta aberatsa gurera ekartzea.

Aktibismo kulturala, auzolana eta lana uztartzen dituen egitasmo iradokitzailea honen berri izateko dendako bazkideetariko batekin solastu gara, Javi Nevadorekin hain zuzen.

Zergatik ANTI-?
Jendearen memorian ezarriko zen izena nahi genuen eta, era berean, proiektuaren atzean dauden ideiak adieraziko zituena, egia da mundu guztiak berdina nahi izaten duela.
ANTI- gure lanaren alde kritikoa atsegin dugula esateko modua da. Horrez gain, gustuko genuen hasiera batean erradikala edo borrokakoa dirudien terminoa delako, baina gero gu ezagutzean, ikustea proposamen atsegina eta ironikoa dela, egitasmoaren zentzu kontzeptual eta estetikoaren aldetik. Ez dakit azaltzen naizen. Arte Ederretakoak garela nabaritzen da, ezta? Kar, kar.

Nola sortu zen liburudenda abiatzeko ideia?

ANTI- Urkiolako taberna bakarti batean sortu zen. Karrera bukatu genuenetik bi urte igaro ziren, eta bakoitza beste gauza batzuetan sartuta zebilen. Zerbait komuna burutzeko bildu nahi genuen eta liburudendaren ideia agertu zen kultura hedatzeko espazio gisa. Aurretiko eskarmenturik gabe, baina erabakitasun handiz.

Kooperatiba gisa aritzen zarete, zergatik aukeratu duzue formula hori?
2008 urteko erdi aldean lan-ildo berriak zabaltzea pentsatu genuen, eta gure funtzioak berregituratzean pertsona bat gehiago behar genuela ikusi genuen. Ordura arte ondasun-erkidegoa ginen. Hortaz, pentsatu genuen beste norbait sartuz gero, gure maila berdinean konprometitu beharko zela, horrek dakartzan ordain positibo eta negatiboak onartuz. Eredu kooperatiboa horretara ondoen egokitzen zen. Finean, jarrera morala da. Ez dugu inoren nagusi izan nahi, ezta agindu eman ezta aginduak jaso.

Zeintzuk dira zuen eguneroko arazoak? Zaila izango da horrelako negozioa mantentzea, batez ere garai hauetan, merkatal gune handiek merkatua menpean baitute.
Esan ohi den bezala, guk beste liga batean jokatzen dugu. Gure eguneroko arazoak ez datoz merkatal gune handi horiekin publikoa lortzeko lehiatik. ANTI- dendara datorren jendeak badaki zerbait ezberdina garela. Uste dugu gure publikoak badakiela zertan datorren, merkatal gune handietan aurkitzen ez denaren bila, hain zuzen ere: espezializazioa, tratu pertsonalizatua, giro erlaxatuagoa, programazio alternatiboko eskaintza eta egiazkotasuna.



Zein motatako liburuak saltzen dituzue? Zer da ondoen saltzen dena?

ANTI- enfoke kritikoa eta alternatiboa duen kultura garaikidean espezializaturiko liburudenda da. Hainbat atal aurki dezakezu, hala nola, arkitektura, argazkigintza, diseinua, hiri-artea, ilustrazioa, musika, zinema, filosofia, generoa, haurrak, edo komikia, eta gure best-seller-ek ez dute sekula bat egiten salmenta zerrendekin. Diseinu grafikoa eta haurrentzako liburuak dira gure izarrak. Zenbat eta gehiago espezializatu, orduan eta gehiago saltzen dugu, hori oso gustuko dugu. Ustez gutxiengo batentzat izango diren gauzak ekartzen ditugu, eta arrakastatsuak bihurtzen dira salmenta aldetik.

Nolakoa da ohiko bezeroa?

Erantzuten zaila, ez baitugu uste azpimotarik dagoenik ANTI- dendara datorren bezero motan. Izan ere, pozik gaude publikoa nahikoa heterogeneoa baita. Sektarismoetatik aldentzen gara, eta atsegin dugu oso egun berean Manual de Guerrilla de la comunicación erosten duen aktibista eta Media Vaca argitaletxeko liburua erosi eta ilustrazioarekin maiteminduta dagoen erretiratua ikustea.

Halaber, hainbat jarduera egiten duzue dendan, hala nola, erakusketak, hitzaldiak edo aurkezpen-ekitaldiak. Dendak espazio kultural izan nahi du? Zeintzuk irizpide erabiltzen dituzu ekitaldi bat antolatzerakoan?
Bokazio hori egitasmoan bertan zetorren hasiera-hasieratik, alegia, liburudenda proposamen kulturalen hedapen-espazioa izatearena. Gure programazioaren gehiena gureak ez diren proposamenen emaitza dira. Guk erabakitzen dugu hedatu nahi dugunarekin bat datorren ala ez, eta bitartekoak jartzen ditugu gauzatzeko. Bestalde, badago guk diseinatzen dugun erakusketen egitaraua ere, eta CLIBIK, urtero Litterae Mundi liburudendarekin betera antolatzen dugun argitalpen independentearen jardunaldiak.

Liburudenda auzoko elementu aktiboa ere bada. Auzoaren eta saltokiaren harreman estu hori zeintzuk ekimen edo jardueratan gauzatzen da
?
Unibertsitarioak ginenetik auzoarekin lotura izan dugu. Hasiera baten bertan bizi ginelako, geroago kolektibo ezberdinekin genuen lotura dela eta, eta azkenik, lanagatik. San Frantzizko auzoan instalatzeko erabakia neurri handi batean lotura emozional horretatik etorri zen eta zonalde horretan arrakasta izatea posible zela pentsatzen genuelako.
Hasieratik auzoko beste egitasmo batzuekin indarrak batzea bilatu genuen, eta zehazki Maitzak Bi kalean daudenekin. Hortik sortu zen Maiatzak2 kolektiboa, zein etengabe ari den gauzak egiten auzoa eta auzoak kanpoan duen irudia eraldatzeko asmoz.



Zeintzuk plan duzue epe erdi eta luzera?

Liburudenda gisa hazten jarraitzeaz gain, gure helburu nagusia ekoizpen eta kudeaketa kulturalean lan-ildo bat finkatzea da liburuaren esparruan. Katsumi Komagata artista japoniarraren inguruko erakusketa, hitzaldi eta tailerrekin hasi gara Amorebietako Zelaieta Zentroan, eta bigarren egitasmo bat prestatzen ari gara 2010 urteko bigarren erdirako.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button