LITERATURA

“Babeserako Kopia” lanaren errezitaldia

 

Gaur, Bilboko Bidebarrietako Liburutegian, 19:30ean, Goizalde Landabasok idatzitako Babeserako Kopia lanaren errezitaldia antolatu dute.

Ane Zabalak, Galder Perezek eta Goizalde Landabasok soinu eta ahotsaren arteko bidaia poetikoa proposatu nahi dute. Goizalde Landabasok idatzitako Babeserako kopia (2015, Elkar) liburuan oinarrituta poema batzuen irakurketa baino gehiago da Babeserako Kopia ikuskizuna. Poemak hankaz goratu, suntsitu eta berrasmatu egingo dituzte. Honetarako hamaika lagunen parte hartzea izan dute bidaia honetan: Fermin Etxegoien, Miren Rubio, Naroa Gaintza, Alexander Perez, Axi Orgaz, eta Arale, Almike eta Joanes.
50 minutuko bidaia da Babeserako Kopia. Atseden-tokia da, oroimena astintzeko ariketa soila, denok behar dugulako aterpetuko gaituen hitzik.

Goizalde Landabaso idazle deustuarrak urrian aurkeztu zuen Babeserako kopia (Elkar), eta harrezkero hainbat errezitaldi egin ditu han-hemenka. Lanak  hiru atal ditu: Izan, Odola, eta Denbora. Liburuak ere Harkaitz Canoren hitzaurre ederrarekin apaindurik dator.

Lehen atalean, Izan-en, identitateari buruzko poemak antolatu ditu Landabasok, “nire buruari buruzkoak”…, “ni naiz lehortzen den ibaia…ni naiz ukitzen ez duen eskua”.
Bigarren atalean, sentimendu potenteek inarrosten gaituzten uneko sorkuntzak daude, bakardadeaz, tristuraz, poema erotikoak, eta abar. Eta azkenik, hirugarren atala denborak hartzen du osoki, eta bertan zahartzeaz aritzen da idazlea, memoriaz. “Memoria gara, eta beldurgarria da memoria galtzea, oroimenak desintegratzea, horrexegatik naizen hori eusteko ahalegina dago hemen, hor egongo da izan nintzen zati bat”.

 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button