ARTEA

Metropoliak jasandako aldaketak

Corinne Vionnetek, Vanessa Winshipek eta Maria Azkaratek 2022an egindako 78 argazkiz osatutako Bilbao Metropoli 30-30-30 erakusketa Bilboko Arte Eder Museoan izango da ikusgai urrira bitartean. Bertan, Bilbo hiriak eta bere metropoli-eremuak azken hiru hamarkadetan izandako aldaketak dira ardatza.

“Bilbao Metropoli-30 Bilbao Metropolitarra Birbizteko Elkartearen enkargutik sortu da proiektua, eta itsasadarraren hiri-ardatzaren eta bertako biztanleen fisonomia irudikatzeko duela 30 urte elkarteak berak bultzatu zuen ekimena berrargitaratzen du. Orduko hartan, eta orain bezala, Ramón Esparzaren komisariotzarekin nazioarteko sei argazkilari gonbidatu zituzten (Gabriele Basilico, John Vink, Bruce Gilden, Carlos Canovas, John Davies eta Carlos de Andrés), eta haien lana 86 argazkitan gauzatu zen. Argazki horiek liburu batean erreproduzitu eta zenbait egoitzatan erakutsi ziren 1993an, Ría de Hierro izenarekin. Multzoa museoari eman zitzaion 1997an.”

Ordukoa gizonen begirada bat izan zen, eta irudietan meatze-ustiapenak, trenbideak, portu-instalazioak, labe garaiak, garabiak, pabiloiak eta fabrikak, ontziolak eta gabarrak, burdinurtuaren isurketen kea, … agertzen ziren, beti zuri-beltzean eta kamera analogikoarekin.

Oraingo honetan, emakumeen begirada da, eta azken hogeita hamar urteetan lurralde berean izandako aldaketak islatu dituzte. “Hiri- eta giza paisaiei gehitu behar zaie orain “hirugarren paisaia”, industria-aurriaren eta eszenatokiaren alderdi estetiko gisa duen potentzialtasunaren onarpenarena.”

Corinne Vionnetek (Valais, Suitza, 1969), agian, proposamen erradikalena erakusten du What to see in Bilbao sailean. Vanessa Winshipek (Barton-upon-Humber, Erresuma Batua, 1960) ikuspegi poetikoago batetik heltzen dio bere lanari, eta espazioak eta agertokiak despertsonalizatzen ditu. Azkenik, Maria Azkaratek (Gasteiz, 1977), arkitektoa den aldetik, interesa erakusten du normalean monumentaltzat hartzen ez diren lekuekiko.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button