ESZENA

Nafarroa jarduera kulturalez beterik

Nafarroako 50 herritan, abenduaren 2tik 13ra bitartean, 948 Cultura-Kultura izeneko programak jarduera artistiko eta kultural mordoa bilduko ditu, gaztelaniaz eta euskaraz.  Kulturaren munduko sare profesionala suspertzeko xedez, adin guztietako pertsonek gozatu ahalko dute hamar egunez eskaintza horretaz.

Programazioaren barruan musika, antzerkia, dantza, hitzaldiak eta tailerrak antolatu dira, bai eta museoetara, artxiboetara, erakusketa-zentroetara eta ondare-guneetara bisitak ere.

Hala, musikari dagokionez, Hutsun Txalapartak kontzertu bana eskainiko du Burlatan eta Etxarri-Aranatzen, Josetxo Goia Aribek Lizarran joko du eta Broken Brothers Brass bandek Valtierran eta Tafallan. Jazzy Leap Noain eta Ribaforada joango dira eta La Tribu Obembe San Adrianera. Azkenik, Cintruenigok Lemon eta Tal taldeen kontzertua hartuko du.

Dantza diziplinan bi dantza jarduera programatu dira: Led Silhouette taldearen emanaldia Nafarroako Antzerki Eskolan, eta Amico Teatro & Acronica Producciones Castejon-en.

Antzerkiari dagokionez, Yarlekuk Numenak ikuskizuna eskainiko du Olaztin, Xabier Artiedaren konpainia Antsoainen izango da, Iralei Teatro Mutiloan, Trokolo Uharten, Producciones Maestras Faltzesen eta Malaspulgas Beran.

Eta azkenik, ikuskizun hibridoek ere protagonismoa izango dute, eta hala, musika eta antzerkia uztartzen dituzten ikuskizunak antolatu dira. Honako hauek, adibidez: Producciones Maestras, Pasadas las 4, Xabi Bandini, Imaginascene, Belen Otxotorena eta Demodé Quartet Zangotzan, Los Arcosen, Altsasun, Vianan, Corellan, Villavan, Lodosan eta Irurtzunen, hurrenez hurren.

Beste aldetik, Nafarroako Museoak Isabel Baquedano eta Celia Eslabari eskainitako aldi baterako erakusketetarako bisitak eskaintzen ditu. Lizarran, Karlismoaren Museoak eta Gustavo de Maeztu Museoak ere bisita gidatuak proposatzen dituzte, eta bestelako jarduera batzuk proposatzen dituztenak honakoak dituzue:  Jorge Oteiza Museoa Fundazioa, Nafarroako Unibertsitateko Museoa, Iruñeko Erresumako Museo Etnografikoa, Julio Caro Baroja Etnologia Museoa, Arte Modernoko Muñoz Sola Museoa, Zubietako Ekomuseoa, Erreten aztarnategia, Julian Gayarre Museoa, Tulebrasko Monasterioaren Museoa, Xabiergo Gazteluaren Museoa, Iruñeko Katedralaren Museoa.

Azkenik, Foru Komunitateko geografia osoko hamazortzi ondare gunek bisita gidatuak edo sarrera librea eskaintzen dute zubi osoan zehar.

948 Cultura-Kultura izeneko programaren jarduera guztiak hemen kontsultatu ahal dituzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button