
Laburbiraren XXIII edizioa Bergaran aurkeztuko da. Bertan, Bergarako Seminarixoan, aurrestreinaldia egingo da otsailaren 26an, 18:30ean, eta film laburren aurkezpenaz gain proiekzioa ere izango da.
Urte honetan, martxoaren 1etik 29ra bitartean ibiliko da ekimena herriz herri, zazpi film laburrez osatutako sorta batekin.
Aurtengo edizioan pantailaratuko diren lanak honako hauek dituzue: Olentzerori eskatu nion (Amaia San Sebastian Larzabal), Erreka zoko hortan (Ekaitz Bertiz), Fishy (June Asua Olabarria), A-maniki (Elixabet Nuñez), Geratzen den hori (Aitor Gametxo Zabala), Orain zer? (Aihnoa Urgoitia) eta Hortzikara (Ane Cuesta)
Laburbirak bi helburu nagusi ditu: “euskal zinemagintza hauspotzea batetik, zinemagileei beraien filmak erakusteko aukera emanaz, eta herritarrei euskaraz sortutako film laburrak ezagutaraztea, bestetik”. Eta bi helburuak sobera bete direnez, euskal zinemagintzaren erakusleiho handi bat bilakatu da ekimena.
2025ean ekoitzitako euskal film nabarmenenak eskainiko ditu aurtengo edizioko bildumak. Orotara, 80 minutuko film labur sorta ikusgarria, hainbat festibaletan saritutako lanekin osatua. Emanaldia antolatzeko epea otsailaren 28an itxiko da.



