LITERATURA

Arestiren lan ezezaguna argitaraturik

Mailu batekin: Biola batekin izeneko poema-liburu ezezaguna aurkeztu dute gaur goizean Juan Mari Aburto Bilboko Alkateak eta Jon Kortazar ikerlariak. Liburua 1962an idatzita dago eta bertan agertzen diren hainbat poema Harri eta Herri eta Euskal Harria izeneko obretan agertu ziren moldaturik; hots, nahi bada proto-Euskal Harria da lan hau.
Orain argia ikusi duen lan honetan ere argitaraturik gabeko bederatzi eskutitz, Euskaltzaindiaren Artxiboan aurkitu zirenak ere, gehitu dira.

Poetak utzitako aztarna dokumentala handia da, eta hala, dokumentu desberdinak, gutun komertzialak, lehiaketarako botoak, ohar desberdinak, eta gutunak (Juan S. Martin, Txabi Etxebarrieta,….)  ikertu dituzte Jon Kortazarrek eta Paulo Kortazarrek. Eta diogun bezala, lan honekin batera argitaratu dira bederatzi gutun, horrek guztiak biografiarako bide berriak eskaini ahal dituelako. Hala, Euskaltzaindiarekin izan zuen harremana; euskara batuaren defentsa; Mikel Arruzarekin izan zuen eztabaida, eta horrez gain, bere literatur proiektuei buruzko informazio baliotsua eskaintzen digute, Juan San Martinekin izandako eskutitz-truke aberatsari esker.

Kortazarrek aipatu duen bezala, “Gabriel Arestik 1962an idatzi zuen lan hau Lizardi sariketara aurkezteko, baina ez zuen irabazi, eta gero aldaketa batzuk eginda, 1967an argitaratu zituen Euskal Harria obraren barruan. Lan honetan presente dago errealismo soziala, eta proiektu literario bat da. Hazia da”. Berez olerkiak ezagunak dira, baina pentsatzen zena baino aurreagokoagoak dira, beste proiektu baten parte bat, nolabait.

Halarik ere, argi dago Gabriel Arestiren ibilbide literarioa ulertzeko ezinbestekoa dela gaur goizean argia ikusi duen lana plazaratzea. Berari esker ere, beste lan inedito batzuk badaudela esateko zantzuak badirela esan du Kortazarrek, “ eta uste dut badakidala non dauden” gehitu du akademikoak.

Liburua bera ere lan ederra da, eta bertan askok hartu dute parte. Naiel Ibarrolak egin ditu liburu honetako ilustrazio bikainak; Kirmen Uribek testu bat idatzi du hasierako orriotan; eta azkenik, Aitor Arakistainek liburuaren diseinu lana egin du.

“Argitalpen hau aurrera pausua da Gabriel Arestiren lana hobeto ezagutzeko, eta garrantzitsua da poetaren bilakaera poetikoaz genuen ustea aldatzen duelako” amaitu du esanez Jon Kortazarrek.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button