LITERATURA

Literatura Unibertsala bilduman lan berri bi

Leonardo Sciascia idazlearen Todo modo, eta Marina Tsvetaieva idazlearen Ene anaia femeninoa euskarazko lanek argia ikusi dute. Gaizka Ugalde eta Joxe Mari Berasategi arduratu dira itzulpenez.

Erein argitaletxeak esan duen bezala: Lehen begiratuan, oso narrazio argia eta zuzena da Todo modo, argumentuak bizi-bizi korritzen du, elkarrizketak umore finez josita daude, karakterizazio eta deskribapenei ere ez zaie gatz eta piperrik falta, eta autoreak luma zorrozturik erabiltzen du. Eleberriak, hala, badu saiakeratik nahiz tragikomediatik, bai eta egitura sozial jakin bat irudikatzeko gogotik ere: haren manerak eta izaerak, haren erritoak, morrontzak eta elkar hartzeak, haren azaleko eta barneko engranajeak. Beste aldean, kontrapuntu gisa, eleberriaren hasieran askatasun-ekintza baten aukerari noiz heltzeko esperoan alderrai aurkezten zaigun narratzailearen ahotsa dago.

Marina Tsvetaievaren testua, emakumeen arteko amodioari buruzkoa, Natalie Clifford Barney-ri zuzendua da. Tsvetaievak jeinu askea erakusten du Ene anaia femeninoan, ahalmen poetiko dirdiratsua, hizkuntzaren apaintasun musikala, testu lesbiko ederrenen artean kokatzen dutena. Marina Tsvetaievak sakon aztertzen du maitasun femeninoa, eta bereziki lotzen zaio elkar maite duten eta haur bat edukitzerik ez duten bi emakumeren kezkak definitzeari.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button