EZLEKUBAT

Norte Apache: “Kaleak astintzea da gure helburua”

Ezkerraldeko hip hop hirukote gazteak Quilombo izenburuko bigarren diskoa argitaratu berri du. Diskoa Musikherria herri zigilu desagertuaren bidez plazaratu dute bizkaitarrek.

Duela bi urte argitaratu zuen Norte Apchek estreinako lana, Hesiaren beste aldean. Disko horri esker 70 bat kontzertu egin zituzten. Orain, Quilombo lan sutsua eta borrokalaria argitaratu dute.

Grabazioan hainbat lagunek parte hartu dute, hala nola, Endikak (121Krew), Miren Amuriza bertsolariak, Iker Fernandezek (Abra Kadaver) eta Aiorak eta Pitik (Zea Mays). Diskoa E-you estudioetan grabatu dute Iker Eskurzaren gidaritzapean. Taldekideen aburuz, lan horren ondorioz, diskoa orain arteko freskoena da.

Zuen disko berriaz hitz egiten hasi beharko ginateke, baina oraintsu jakin dugu MusikHerria herri diskoetxea itxi dutela. Nola jaso duzue albiste txar hau?

Egia esanda MusikHerria osatzen genuen talde guztien artean erabaki genuen diskoetxearekin bukatzea. Horrelako proiektuek bizitza zehatz bat dute, batzuk luzeagoak beste batzuk laburragoak eta atera genuen prentsa oharrean jartzen zuen bezala ez dugu jakin kolektibo bezala gure mezua eraberritzen. Honek ez du esan nahi antzeko proiektu berririk ez dugunik sortuko.

Bigarren disko honi Quilombo deitu diozue. Zergatik?

Quilomboan bizi ziren esklabutzatik ihes egiten zuten beltzek, bertan, bere kultura sustatu eta mantentzen saiatu ziren, bere lege propioekin, gizarte tradizionaletik at. Eta horrela ikusten dugu Euskal Herria, Quilombo bat bezala.

Grabazioaren freskotasuna nabarmendu duzue. Nolakoa izan da estudioko lana?

Etengabekoa, bi astetan egin dugu lan jo ta fuego E-You Estudioetan. Iker Eskurzari esker lortu dugu baseetan nabarmentzen den aldaketa, freskotasuna eta horrez gain, gure estiloa finkatzea ere lortu du. Lagunartean egoteak ere lagundu du giro polita sortzen, kriston abentura izan da!

Nolako aldea nabaritzen duzue lehenengo diskoaren eta bigarrenaren artean?

Lehen aipatu dugun bezala, produkzioa izan dira aldagai handiena: instrumental berriak letra sakonekin. Horretaz gainera, grabatzerakoan izan dugun seriotasuna eta produktorearen eskarmentua ere kontuan hartzekoak dira.

Diskoan sartu dituzuen oinarriak harritu gaituzte, onerako. Lan asko egiten duzue oinarriok sortzen ala erraz ateratzen zaizkizue?

Gure bizi-ideiak eta oinarriak letra eta abestien bidez transmititzea da gurea. Argi dugu zer garen, zer nahi dugun, eta zeintzuk diren bidali nahi ditugun mezuak, horrek erraz egiten du oinarrien ezarpena.

Zer dator lehenago, musika ala hitzak?

Legez, lehendabizi abestiaren ideia bat izatea da xedea, gero produktoreari adierazi, eta honek basea egin eta gero, letra egitearekin bukatzen da prozesua. Baina disko honetan, guztiz alderantziz egin dugu, hitzak genituen maite ez genituen baseentzat, horregatik Iker (ekoizlea) proiektuan sartu zenean, baseak letren estrukturara eta metrikara egokitu behar izan zituen.

Hitzetan borrokarako grina sumatzen da. Hitzekin zer transmititu nahi duzue?

Kontzientziazioa, errealitatearekiko ikuspegi inkonformista bat sortzea. Rap musikak hasieratik egiten zuen bezala, kaleak astintzea da gure helburua, lokartuta daudenak esnaraztea.

Kontzertu asko egin zenuten aurreko lanarekin eta azken honekin antzera. Nolako harrera dute hip hop kontzertuek gurean?

Etengabe ari gara batetik bestera kontzertuak egiten. 2012 hasi , eta kotxeari sua atera diogu, eta horrela jarraitzea espero dugu.




Duela gutxi Rapherria bilduma sendoa iritsi zitzaigun. Disko horrek islatzen al du Euskal Herriko rap eta hip hop eszenaren egoera? Nolakoa da eszena hori? Taldeen arteko harreman esturik ba al da?

Gure ustez disko horrek adierazi dezake gaur egun hainbat talde daudela euskara Raparen bidez jorratzeko prest, hala ere, oraindik bidea dago eszena sendotzeko. 2004ean hasi ginenok oraindik ikuslegoarenganako normalkuntza puska bat sumatzen dugu.

Honetan urteetako ibilbide egin dugun taldeen arteko harremana familiartekoa da. Esate baterako, 121 Krewrekin mila bider ibili gara Euskal Herritik zehar, eta ia astero elkartzen gara. MAK, Indarrap, Revolta Permanent…hainbat talde ditugu lagun min.

Zeintzuk izango dira hurrengo urratsak?

Momentuz, egindako lanaz disfrutatzea. Diskoak ezin dira bata bestearen atzetik egin, izerdi eta odolaz egindako abestiez gozatu behar dugu, oraindik jendeari entzun behar diogu, kritikak jaso, aldaketak nabaritu… prozesu hori bukatu ostean, hasiko gara hurrengo lanarekin, hala ere, sormena gelditu ezin dugunez, mila ideia ditugu aurrera eramateke.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button