ESZENA

Familientzako arte eszenikoen programa ederra, Barakaldon

Martxora bitartean, gaztetxoek eta beren familiakoek arte eszenikoen programa eder batekin gozatu ahal dute. Antzezlan asko euskaraz izango dira.

Larunbatean, urtarrilak 20, abiatuko da ziklo eszenikoa Xirriquiteula Teatrek egingo duen Laika piezarekin. Diziplina anitzeko antzerkia izango da hori.
Euskarazko lan interesgarri bat otsailaren 3an etorriko da Eidabe konpainiaren eskutik: Piztu! EmakumeON Energia. Imanol Ituiño da piezaren zuzendaria eta Tania Fornieles eta Nahikari Rodriguez antzezleak. “Zelakoa litzateke mundu bat benetako berdintasunarekin? Desoreka eta injustiziaz betetako mundu ilunean argia piztuko bagenu? Guztion energia erabiliz denontzat aukera berdinak bermatzen dituen mundu bat asmatuko bagenu? Eta, bapatean, zientzialari batek asmatuko balu ezjakintasun guztiekin bukatzeko makina miraritsua? Horrek berdintasuna ahalbideratuko luke? Eta asmatzailea emakumea balitz?”
Zientzia kongresu magiko, zoro eta dibertigarri horretan bi antzezleek emakume zientzialarien historian zehar nabigatzeko gonbitea egingo diete bertaratuko diren gaztetxoei. Marie Curie ardatz eta gidari izanik, “emakumeak zientzian izandako benetako pisuaz jabetuko gara eta hainbat esperimentu ere egingo ditugu. Eta bidaia honen ondoren, guztion barnean ideia berriak piztuz, makina horrek barnean gordetzen duen sekretuaz jabetuko gara beharbada…”

Eta martxoan, Eidabe taldea ere arituko da Kuku. Ezkutuan dauden emakumeak izeneko lanarekin. “Vivian Maier argazkilaria izan zen, baina etxez etxe umeak zaintzea zuen bizibide. XX. mendearen erdialdean argazkiak atera eta atera ibili zen AEBetan, eta askotan errebelatu gabe utzi zituen, diru eta denborarik ez zuelako horretarako. Bere material guztia kutxa batzuetan agertu zen handik urte batzuetara, ganbara batean, eta argazkiek kalitate ezin hobea dute”.
Bi antzezle agertuko dira eszenatokian. Antzerki bat egitera etorri dira, argi dute hori, baina argazkiz eta negatiboz betetako kutxa bat azaltzen da antzokian. Nork ekarri du? Zertarako? Norenak dira argazki horiek guztiak? Vivianenak al dira?.

Antolatu diren emanaldi guztien gaineko datuak hemen eskuratu ahal dituzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button