ARTEA

Agustin Ibarrolaren obra ikertu eta berrirakurtzeko lana

Omako Basoan Agustin Ibarrolaren obra ikertu eta berrirakurtzeko lana hasita dago, eta 700 zuhaitz baino gehiagotan Ibarrolak sortutako jatorrizko 33 multzoak agerraraziko dira.

Ibarrolaren obra hori ikertu eta berrirakurtzeko, Agustin Ibarrolaren obran aditua den Fernando Bazeta EHUko irakasleak lan sakona egin du, eta berak esan duenez, “artistaren jatorrizko asmoa jasotzen du, izan ere multzoetako batzuk handitu egingo dira; behinola Agustin Ibarrolak ezin izan zuen hori egin. Omako Basoa osorik egongo da, hau da, Basoan izan diren multzo artistiko guztiak batuko ditu”.

Hortaz, orain, Omako Basoa osatzen duten multzo artistikoen lekualdaketaren lehenengo fasea egiten ari da. Bizkaiko Foru Aldundiak abiarazitako proiektu horrekin eta Fernando Bazetak zuzendutako taldearen lanari esker, “kontzeptuzko akatsak eta izenburu ezegokiak zuzendu dira eta multzo bakoitza osatzen duten elementuak zehatz definitzea lortu da, baita haien esanahia ere. Halaber, margotutako zuhaitz gehiago erantsi zaizkie zenbait multzo artistikori (Begiak, Koloretako biribilak, Erritmo inguratzaileak eta Basoko animaliak), artistak jatorrizko diseinuan eman zizkien neurriekin eta ezaugarriekin, eta jada galduta zeuden beste hiru multzo berreskuratu dira (Kordobako Meskita, Haritzari omenaldia eta Mehatxu nuklearra). Horrenbestez, Omako Basoko obra bere osoan goza daiteke. Multzo horiek 1989. urtean galdu ziren, lurren jabeek orduan egin zuten mozketaren ondorioz”.

Lanak bi fasetan gauzatuko dira. Lehenengo fasea 2022ko ekainaren amaieran hasi da eta urrian amaituko da. Bigarren fasea 2023ko maiatzetik irailera bitartean gauzatzekoa da. Geratzen diren 19 multzoak lekualdatuko dira, 33 multzoko obra osatu arte.
Bigarren fase hori amaitzen denean 700dik gora zuhaitz edukiko ditu guztira Omako Basoak, eta kilometro batetik gorako ibilbidea egingo da bertan.

Gainera, bertako adituek esan duten moduan, “basoa zainduago egongo da eta jasangarria izango da, landaretzaren tratamendua eta aldian aldiko zainketak egokiagoak izango baitira basoaren erritmo biologikorako. Gainera, jatorrizko landaredia errespetatuko da eta haren biotipoari eragin diezaioketen lanak saihestuko dira. Aldi berean, zuhaitzen egoera kontrolatuko da, zuhaitzak banan-banan monitorizatuz, eta segurtasun sistema bat aktibatuko da sua itzaltzeko edo larrialdiei erantzuteko.”

 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button