BESTELAKOAK

“Euskara Ibiltaria”, herri hizkeraren atlas interaktiboa ikusgai San Telmo Museoan

Euskara ibiltaria erakusketaren ateak zabaldu ditu Donostiako San Telmo Museoak, Euskaltzaindiaren Euskararen Herri Hizkeren Atlasa oinarri duena.

“Mintzamena pertsonok dugun ezaugarririk gizatiarrena den bezalaxe, hizkuntza bat herri baten nortasunaren ezaugarririk garrantzitsuenetakoa da. Hizkuntza baliatuz gizakiok emozioak, desirak eta baloreak adierazten ditugu. Hori gutxi balitz legez, hizkuntzaren bidez harreman sozialak gauzatu, eta ohitura kultural eta sozialak transmititzen dira. Mundua ulertzeko daukagun ikuspegiaren isla da hizkuntza, kultura-adierazpenen eramailea eta nortasun-adierazle nagusienetakoa”. Horrelaxe egiten du Euskaltzaindiak erakusketarako gonbitea.

Atlas berezi horrek euskararen aldakortasuna eta aberastasuna erakustea du helburu, bai lexikoari, eta baita izen eta aditz morfologia eta sintaxiari dagokionez ere. Hala, Euskal Herriko geografia eremu zabalean hitz berberak hartzen dituen aldaerak edota izen desberdinak jasotzen dira.

Erakusketa interaktiboa da, 54 mapa interaktibo biltzen dituena. Era honetan bisitariak, tokian tokiko euskararen aberastasunaz ohartzeaz gain, hizkuntza-atlas bat zer den ikusteko aukera izango du. Gainera, ikusi, entzun eta ukitu daitekeen erakusketa da, bertaratzen denari zentzumen guztiekin parte hartzeko aukera ematen diona. Eta modu horretara, XIX. eta XX. mendeko bizimodua, gizartea eta ohiturak ere ezagutzeko aukera izango du bisitariak.

Susana Soto, San Telmo Museoko arduradunaren esanetan “erakusketa bizia da, 2015ean lehen aldiz Beasainen ikusgai jarri zenetik bilakaera bat izan duelako eta gainera, bisitaria interaktiboa izatera bultzatzen duelako”.

Mapekin batera, gainera,  zentzumenekin jokatzen duten lau joko eta puzzle bat ere biltzen ditu erakusketak. Era honetan, leku desberdinetako biztanleen ahotsak daude entzungai, “eremu bakoitzeko euskara belarriaren bidez ezagutu ahal izateko”.

Euskararen hizkuntz-atlasa eratzeko 1984. urtean hasitako ikerketa lan erraldoiaren emaitza  da erakusketa, tokian tokiko hizkuntza erregistroak bildu, sailkatu eta era kontsultagarrian erabiltzaileen eskura jarri direnak. Hori egiteko, hain zuzen, nazioartean homologatutako metodologia baten bidez, lexikografia eta gramatika jorratzen dituen inkesta erraldoia egin da, Euskal Herriko zazpi probintzietako 145 herritan, 3.000 galdera jasotzen dituen galdesortaren bitartez. Inkesta horren emaitza da, Euskara Ibiltaria erakusketa izan da.

Erakusketa bost atal nagusitan dago banatua -tokiak, materialak, Argia eta soinua, natura, eta bizitza-,  eta atal horietako bakoitzean atlaseko mapen hautaketa bat erakusten da.

Erakusketa, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez ere ezagutzera ematen da, uda partean turistei gure herriko ondarea ezagutarazteko eman eta balioan jartzeko ekimena bilakatuz.

Euskara Ibiltaria erakusketa, otsailaren 23ra arte Donostiako San Telmo Museoan izango duzue ikusgai. Hala ere, erakusketa birtuala ere bisitatu dezakezue bere osotasunean, euskal akademiaren webgunean.

Ordutegiak eta gainerako informazio osoa duzue San Telmo Museoaren atari digitalean.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button