MUSIKA

Mursegok bere bigarren lana plazaratu du

Honatx Julen Azpitarte kazetari eta Nontzeberriko lankideak, Mursegoren bigarren diskoaren harira idatzi duen promo-orria: "Duela urtebete Bat (1) Mursegoren lehen lanaren iruzkina idatzi nuen Entzun! aldizkarian. Maite Arroitajauregiren doinuek interludio itxura zeukatela nabarmendu nuen. Kantuak ez zirela erabat borobilak, baina pop xarma xarmagarria igortzen zutela. Lan hura makina bat gauza positibo erakusten zuen bilaketa prozesu baten urratsa zen. Oraindik gauzatzeke zegoen zerbaiten hazia.

Bi (2) entzun ostean, Maitek deseatzen zuena erdietsi duela esango nuke. Mursego jada egitasmo sendoa dela. Kantuak landuta daude, ahotsa beste instrumentu bat bilakatu du eta ondo baino hobeto ikasi modulatzen, erakusten eta ezkutatzen. Txeloak bertan jarraitzen du, musikariaren instrumentu naturala baita, baina ez bakarra, ezta nagusia ere. Mursegoren kantuak jada nortasun propioa dute, eta ez dira txeloan soilik sustengatzen, Maiteren unibertsoan eraikitzen baitira.

Bere unibertsoak ozeano itxura dauka, eta Atlantida horretatik azaleratzen diren doinuak pop egiten duten soinudun burbuilak dira. Izan ere, itsaso azpian imajinatzen dut, gafak eta tubue soinean, Bob Esponja-ko pertsonaia bat izango balitz bezala, bere inguruan atsegin dituen erreferentzia eta objektuak desordenatzen diren bitartean, hala nola, sukaldeko errezetak; mikroskopioa; fadoak, tropikalismoa, eta folka; Europa Zaharreko banpiro aguretuak; ukelelea; John Houston eta Aki Kaurismaki; edo Mario Bros eta Don King Kong. Pop galaxia kresaltsuan bizi da saguzar hau, eta bertan murgilduz gero zakatzak aterako zaizkizu. Anfibioak ere poztu dira".

Nontzeberri

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button