MUSIKA

Sirokak lehentasunetan oinarrituriko disko-liburua plazaratu du

Siroka talde bizkaitarrak Karosi bere bigarren lana aurkeztu du gaur Bilbon. Laukoteak lehentasunetan oinarrituriko disko-liburua atondu du inguruko lagun anitzen laguntzari esker. Hori guztia Creative Commons lizentziapean eta Musikherria zigiluaren laguntzarekin, alegia, autoekoizpenaren bidetik.

Aurkezpen-ekitaldian taldekide guztiak eta egitasmoan parte hartu duten beste lagun batzuk ere parte hartu dute, besteak beste, Ibon Sanchez ilustratzaileak.

Oraingoan bederatzi lehentasunetan oinarrituriko bederatzi kantu eta istorio bildu ditu Karosik disko-liburuan. “Nortasuna, hizkuntza, adiskidetasuna, askatasuna, borroka, denbora, gozamena eta maitasuna gisako lehentasunetan oinarrituriko lana da”, esan du Maria Rivero abeslariak.

Diskoa Tio Pete estudioetan grabatu dute Karlos Zubiaga teknikariarekin, eta Jabi Palaciosek ekoitzi du. Grabazioan, halaber, hainbat musikarik esku hartu du, besteak beste, Xabi Solanok (Esne Beltza) eta Endika Abellak (121Krew). Bi kolaboratzaile horiek taldeak bere musikan izan duen eboluzioaren isla dira. Izan ere, lan honetan funk, pop eta soul zertzeladak nabari daitezke, ohiko rock melodikoa eta biziak bere horretan jarraitzen duen arren.

Abestien hitzei dagokienez, Sirokaren berezko uztaz gain, Ruben Riverok, Jone Uriak, Mikel Etxaburuk, Beñat Hach Embarek-ek eta Gotzon Barandiaranek egin dituzte.

Diskoarekin batera datorren liburuaren harira, aipatu behar da Karosi eta Rosika (taldearen izenaren aldaerak) pertsonaiak sortu dituztela istorioa gidatzeko. Ekialdeko kutsuko ilustrazio koloretsuak Ibon Sanchezek egin ditu eta maketazioaz Unai Bergara arduratu da.

Taldeak, gainera, ahalegin handia egin du diskoa euskarri fisikoan egon ez ezik, sarean ere eskuragarri egon dadin. Hala, QR Kodea ere erantsi diote. Dena dela, 1.000 ale egin dituzte eta Bilboko Gatazka gunean eta denda horren posta bidezko zerbitzuaren bidez eskura daiteke 10 euroan.

Disko-liburua atzo jaso zuten taldekideek eta gaur ilusioz beteta agertu dira aurkezpenean. “Gure seme-alaba kuttuna da”, esan du Gorka Chamorro bateria-joleak. “Gure inguruan zabalduta dagoen auzolanari esker gauzatu da, eta horrek adierazten du diruarekin ez dela dena egiten”, gaineratu du Ekaitz Agirregoitia gitarra-jotzaileak.

Basaki, egunero hasten da

Beste aldetik, gaur goizean, Basaki taldeak ere bere azken lana aurkeztu du Bilbon. Taldearen bigarren lana albisteari titulua eman dion esaldiari loturik dator: Egunero hasten da. “Eta egunero hasten da iragan perfektuak eman zizkigun zirraren arnasa; egunero hasten da, konturatu gabe, bizitzaren loratze berria; egunero hasten da beharrezko zaigun etorkizuna”.

Taldea 1996an eratu bazen ere, gelditu barik ibili dira kontzertuz kontzertu, soinuz soinu, izan ere, egunero musikan hastekoak dira Basaki taldekideak, euren kantuetan mezu bizigarriak jartzen baitituzte, aurrerakoiak, etsipenaren antidoto gisan erabiltzen direnak. Maketa batzuen ostean, 2.006an lehen lana plazaratu zuten: Esperantzaren zain. Orain, berriz hasteko, beste bultzada bat emateko asmoz, Egunero hasten da disko elaboratua dakarte besapean.

Anjel Valdes Elkar diskoetxeko ordezkariak idatzi duen bezala: “Aurreprodukzio lan handia burutu dute taldekideek estudioan sartu aurretik. Soinuari ukitu berri bat, aire oxigenatu bat, ezarri nahi izan diote. Oinarri astunagoaz, pisutsuagoaz, jantzi dituzte doinuak AEBetako rock modernoaren aldera hurbiltzeko asmoz (Creed, Alter Bridge, Stone Sour…). Afinazioa ere aldatu dute eta horrek, sakontasunean bezain beste sendotasunean ere, irabazpenak ekarri dizkio musikalitateari.Dena dela, oso lan melodikoa da, eskurakoia eta zintzoa, ahotsen tratamenduan eta moldaketa distiratsuetan egindako esfortzua azpimarratzen delarik”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button