MUSIKA

Wicked Wizzard, Deriva eta Colectivo Shumareli, Bilbo Hiria Pop-Rock lehiaketaren irabazleak

Wicked Wizzard (Bizkaia), Deriva (Madril), eta Colectivo Shumareli (Guadalajara) garaile atera dira Bilbo Hiria Pop-rock Lehiaketaren 31. edizioan, pop-rock, metal eta urban ataletan, hurrenez hurren.

Musikaren arloko 11 adituk osatutako epaimahaiak horrela hautatu ditu saridunak. Baina horretaz gainera, pop-rock atalean, Beluga (Madrid) eta Go Cactus (Baleares) taldeak bigarren eta hirugarren geratu dira, hurrenez hurren; eta metal arloan, aldiz, Last Dissonance (Barcelona) eta Blind The Eye (Portugal) taldeek bigarren eta hirugarren sariak jaso dituzte. Urban kategorian, azkenik, Kenna I (Bizkaia) eta JazzWoman (Valentzia) izan dira bigarren eta hirugarren saridunak.

Bestalde Sari Berezi bat eman dute aurten, eta hau, Mi Buenaventura taldeak eskuratu du.

Talde irabazleek hurrengo sariak jaso dituzte, pop-rocka, metala eta urban atal bakoitzean: 4.000 € (1. saria), 2.000 € (2. saria) eta 1.300 € (3. saria). Eta epaimahaiaren sari berezia, 1.100 eurotakoa izan da. Horrez gain, gainera, babesleek emandako sariak ere banatu dira: zuzeneko emanaldiak, materiala eta euren musikaren zabalkundea. Horrela, bada, 23 sari ere eman dira parte hartu duten taldeen artean.

Antolatzaileak pozik agertu dira aurtengo edizioan izan duten publikoaren erantzunarekin eta aipatu dutenez, aurten 1.500 pertsona inguru gerturatu dira kontzertuetara, Bilbao Gazteren orrian streaming bidez kontzertuak ikusi dituztenak kontutan hartu gabe.

Eta lehiaketan parte hartu duten talde kopuruaren aurrean ere baikor agertu dira. Izan ere 256 taldek eman dute pop-rock kategorian lehiatzeko izena; 41 taldek ostera metal atalean eta urban kategorian aldiz 47 talde aritu dira elkarrekin lehian. Orotara, 344 taldek eman dute izena.

Bilboko Udalak 18 eta 35 urte bitarteko talde gazteei zuzendutako ekimena da lehiaketa eta urtez urte, parte hartzaile eta publiko kopuruari so egiten badiogu, indartzen eta sendotzen doan musika jarduera garrantzitsua bilakatu da hiriko kultur agendan. Gainera, bertoko talentua bultzatzeko eta zabaltzeko ez ezik, Estatuan zein nazioarteko beste talde batzuekin batera jotzeko aukera paregabea ere eskaintzen du urtero Bilbo Hiria Pop-Rock lehiaketak.

Informazio gehiagor hementxe duzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button