MUSIKA

Entzuten ez ditugun hots horiek

Gaur, Berri Txarrak taldeak Infrasoinuak diskoa aurkeztu du Bilboko Kafe Antzokian, eta aurkezpenean bestelako soinuak aditu ditugu han bildu garenok. Izan ere, zuzeneko hiru kantarekin eman diote hasiera aurkezpenari. Gorka Urbizuk gitarrarekin, David Gonzalezek baxuarekin eta Galder Izagirrek bateria aurrean jesarrita primizia moduan jo dituzte Dardararen bat, Beude eta Spoiler izeneko kantuak.

Zuzeneko musikaren ostean, mahaiaren bueltan jesarri dira lan berriaren nondik norakoak kontatzeko. Infrasoinuak lan berria taldearen 20. urteurrena ospatzeko egindako Denbora da poligrafo bakarra diskotik eta bira erraldoi batetik hiru urtera sortu da “berriz grabatzeko gosez geundelako”. Baina istorioa itsasoz bestaldean piztu zen, nolazpait, “Txilen sortu zen hau guztia, 2016ko abenduan. Descendents taldeak gonbidatu gintuen Hego Amerikako birarako. Oso konexio ona izan genuen eurekin, eta lau kontzertu eman genituen elkarrekin, eta zuzenean ikusi ondoren, Bill Stevensonek proposamena egin zigun, Berri Txarraken disko berria grabatzeko berak eskaini zuen bere burua”, esan du Gorkak. “Hura izan zen txinparta, eta handik tiraka sortu zen hau dena” gaineratu du Galderrek.
Ekoizleak estudio osoa eskaini zuen disko borobilago bat egiteko, soinu hobea lortzeko asmoz. Eta bertako kideek guztia eman dute lan honetan, “benetako inplikazioa ikusi dugu lanean, eta guretzat ikasgai sendoa izan da handik ekarri duguna, diskoa nola afrontatu eta abar, izan ere oinarri sendoak dituen lana da, duda barik”. Eta emaitza horixe da, pozik daude disko berriarekin.

Tituluaz ere mintzo da Gorka: “Eta zer dira infrasoinuak? Bada, gure artean egonagatik entzuten ez ditugun hots horiek. Munduak alarma hotsak bidaltzen ditu etengabean, zenbat jende, kolektibo, herrialde dauden egoera larrian, baina badirudi guk ez ditugula entzun nahi. Infra aurrizkia gustatzen zait, azpitik egotea, eta guk badakigu herri honetan zer den azpian egotea. Ez da disko kontzeptuala baina letra asko horren jira-biran daude eginak”.

Egingo dituzten kontzertuen gaineko datak ere eman dituzte. Otsailean kanpoan ibiliko dira bira erraldoia batean, eta Japonia, Txina, Thailandia eta Australia bisitatuko dituzte. Martxoan hiru kontzertu berezi egingo dituzte. Euskal Herrian bakarra, Barakadoko BEC-en, 17an. Beste biak Madrilen eta Bartzelonan. “Kontzertu gogoangarriak izatea nahi dugu”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button