MUSIKA

Rafa Rueda lurralde berriak zeharkatzen

Rafa Ruedak Enaren geometria bere laugarren  lana aurkeztu du gaur goizean Bilbon. Bere diskografian ohikoa diren  pop-rock estiloko kantuak bildu ditu lan berri honetan. Dena dela, folk sonoritate berriak ere gehitu ditu bere jarioan hain ohikoak ez diren instrumentuak tarteko, hala nola,  bibolina, mandolina eta korneta.

Horrela, mungiarrak lurralde berriak zeharkatzea lortu du, Gotzon Barandiaran idazleak diskoarekin batera datorren oharrean nabarmendu duenez.

“Tematuta nengoen haize instrumentuekin lan egiteko, eta Iban Urizarrek oso ondo txertatu du bere korneta, instrumentuaren ukitua asko nabaritzen baita”, esan du tronpetei dagokienez. Ez da Urizar diskoan parte hartu duen musikari bakarra, izan ere, Ruedak musika-lagun andana izan du estudioan, tartean, Arkaitz Miner (bibolina eta mandolina) eta Joseba Irazoki (gitarra eta lap steel). Diskoa, halaber, Jonan Ordorikak grabatu eta nahastu du Katarain estudioetan. Diseinu iradokitzailea, berriz, Alain M. Urrutiak egin du.

Diskoaren izenburuaren harira, musikari bizkaitarrak esan du gizakiaren eta hegazti migratzaileen arteko harremanetik datorrela, “etengabeko aldaketa”. “Diskoa prestatzen ari nintzela etxeko garajean, auto gainean, enarek habi bat eraiki zuten, eta horren inguruan hausnartzen hasi nintzen, urtero egiten duten joan-etorrietan”.

Hitzei dagokienez, Rafak berak idatzi ditu kantu guztiak bat izan ezik, Hasier Rekondok idatziriko Egun eder honetan, hain zuzen ere. “Bizi dugun egoera latz honi aurre egiteko modu terapeutikoa da”. Orokorrean mezu positiboak dira. Ruedak lehendabiziko diskoan soilik idatzi ditu kantu guztiak eta oraingoan berriro egitea erabaki du. “Idazle baino musikaria naiz, baina garrantzitsua ere bada norberaren hausnarketak islatzea”. Gaiak, oro har, egunerokotasunari buruzkoak dira, “zehazki, denbora eta gizakia dira nire gai jorratuenak”.  Kantu bat, gainera, bizkaieraz abestu du Edorta Jimenez idazle eta lagunak eskatuta.

Amaitzeko, nabarmendu behar da diskoa kontzertuetan eta bere webgunearen bitartez baino ezin izango dela eskuratu. Emanaldietan sarrera eta diskoa hamar euroan izango dira. “Disko denda gehienak desagertzear daude, eta merkatal zentroetan kulturari gero eta toki txikiagoa eskaintzen zaio, beraz, sortzaileok arduratu behar dugu bitartekariak kenduta”.  Bihar bertan eskuratu eta zuzenean entzun ahal izango da diskoa Tolosako Bonberenean. Oholtzan estudioan izan dituen musikari guztien laguntza izango du, Arkaitze Minerrena izan ezik. “Pribilegiatua naiz, krisi garai honetan horrenbeste musikarirekin jotzeagatik; ez dut inoiz horrenbeste musikarirekin jo, suerte handia daukat lagun eta profesional handiak ezagutu ditudalako nire ibilbidean”.

Hala, azaroaren 17an, Arrasateko gaztetxean izango da, eta 20an Donostiako Bukowski tabernan. Abenduaren 2an, halaber, Larrabetzuko Hori Bai gaztetxean joko du, 7an Ahotsenean (Durangoko Azoka), 16an Bergarako gaztetxean eta 23an, Ondarruko Kafe Antzokian.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button