IKUS-ENTZUN

“VIHsible” zinema zikloa, GIB birusaren estigmatizazioaren antidoto

Pasa den asteburuan (abenduak 1) Hiesaren Aurkako Nazioarteko Eguna ospatu da hainbat herri eta hiriburuetan. Eta ospakizunen harira, oraindik ere izango da ekimenik, Giza Immunoeskasiaren Birusari ikusgarritasuna eman eta gizartean oraindik daukan estigmari aurre egiteko antidoto bezala.

Hala, Zinegoak elkartearen eskutik, VIHsible Zinema Zikloa proposatu du Bilbon, gaur, abenduaren 4an, eta bihar, abenduaren 5ean, arratsaldeko 19:00etatik aurrera, Bilborock aretoan.

Zikloaren hirugarren edizioa da aurtengoa eta bertan, bi film programatu dituzte: gaurkoan, Lemebel (2019) dokumentala eskainiko da, azken Berlinalen Teddy Saria, eta Zinegoak jaialdiaren azken edizioan, gidoi onenaren saria jaso zituen fikzio hunkigarri eta samurra da.
Johana Reposi txiletarrak zuzendutako dokumental honetan, Pedro Lemebel artistaren bizitza kontatzen da. Lemebel Hegoamerikako LGTBI erreferente handienetako bat izan zen, bertako kontrakulturaren ikono bat, hain zuzen. Gainera, 1987.urtean Francisco Casasekin Las yeguas del apocalipsis taldea sortu zuen Pinocheten diktadurapean. Talde horrek, Txileko hainbat hiritan ekimen artistiko-politikoak egin zituen. Lemebel, beraz, diktaduraren kontrako eta eskubide sozialen aldeko ekintzailea izan zen. Horrek eragin zuzena izan zuen bere sorkuntzetan: ezkerreko iritzien eta desiraren arteko lanak ziren; diktaduraren kontrako salaketa eginez eta Giza Immunoeskasiaren Birusaren (GIB) krisiari aurre eginez.

Eta bigarren proposamena, bihar, Yan Ten zuzendari estatubatuarraren lehenengo lana eta  Zinegoak jaialdiaren azken edizioan gidoi onenaren saria jaso zuen fikzio hunkigarri eta samurra eskainiko da: 1985 (2018).
Amerikako Estatu Batuetako barnealdean girotuta dago filma eta zonalde horretan GIB birusak bere garaian sortutako arrakalak kontatzen ditu. Adrian da protagonista eta bere bizitzako urrats garrantzitsuak jarraitzen dira ikus-entzunezkoan: “oraindik ez da armairutik atera, eta sorterrira, Texasera, itzuliko da Gabonak igarotzera. Hiesaren krisiaren lehen olatua puri-purian dagoen garaia da, eta New York jipoitzen ari den tragedia tamalgarriaren zama darama bizkarrean. Etxean, harreman estua berreskuratuko du anaiarekin eta aspaldian ikusten ez zuen txikitako lagun batekin. Baina,bitartean, gorriak ikusiko ditu igarotzen ari den estutasuna guraso katoliko sutsuei kontatu nahian”. Hala, “etorkizunean klasiko bat izango den filma dugu. Oso hunkigarria, oilo-ipurdia jartzeko modukoa”, azaldu dute  VIHsible zikloaren antolatzaileek.

Beste urte batez, kalitatezko zikloa antolatuko da. Zinegoak elkarteko Pau Guillen zuzendariak azpimarratu duenez, “zinemak eta arteak errealitatea jasotzeko modua eraldatzeko gaitasuna dute, eta ildo horretan, guk ere gure ekarpena egin nahi izan dugu. Horregatik, gai hau modu ausartean landu duten kalitatezko artistak batu nahi izan ditugu aurtengo zikloan ere”. Era honetan eta kultur jardueren bitartez ere, “GIBari ikusgarritasuna eman nahi diogu, gure jendartean oraindik estigma handia sortzen duelako”, gaineratu du Guillenek.

Informazio gehiago duzue, Zinegoak atari digitalean.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Cookie propioak erabiltzen ditugu, bai eta hirugarrenen cookieak ere, zure nabigatze-esperientzia eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartutzat joko dugu.Ikusi cookien politika.

ACEPTAR
Aviso de cookies
Tresna-barrara saltatu